2003an Ekaitza Elkarteko Mendi Taldeak eta herriko zenbait mendizalek –tartean Xabier Zubieta Zubi zenak–, Mendi Itzuliaren lehenbiziko urratsak eman zituzten. Herriko mendi gainetan barna ibilbidea zehaztu eta ordutik honat lau aldi joan dira. Inguru eta paisaia ederrak ezagutu dituzte eskualdetik nahiz haratagotik etorri diren mendizaleek. Beti ere, herriko kaxkoa begibistan, Arantzako zirkoa egitea da xedea.
Hasieran bi urtez segidan egin bazen ere, 2004an bi urtetik behin egitea erabaki zen. Horrela, 2003, 2004, 2006, 2008ko edizioak gibelean gelditu dira. Batzuek aitzineko urteetako esperientzia izanen dute aurtengo maiatzaren 23an eginen den bosgarren edizioan; bertze batzuek, ordea, estreinakoz aukera izanen dute.
Bertze edizioetako harrera ikusgarria eta arrakastatsua izan da. Ehunka lagunek parte hartu dute eta giro lainotua, langarra, eguraldi ateria… Denetarik izan da. Baina egin dutenek merezi duela diote.
Dagoeneko guzia prestatzen ari dira: Mendi Itzuliko eskuorriak, jertseak eta kamisetak ohiko lekuetan daude.
WEB ORRIA
Berrikuntza gisa, nahi duen horren eskura, www.menditzulia.com webgunea paratu da martxan aurten, informazio guztiarekin.
Mendizaletasunak ez du hutsik egiten, urterokoa da Ternida Eguna, Goizuetako ateraldia ere hortxe izaten da Mendi Itzulia tokatzen ez den urtean, Leitzara ere irteera egin zen lehen aldiz joan den urtean, eta orain Mendi Itzuliaren txanda da, elkartearentzat urteko hitzordurik garrantzitsuenetako bat. Bazkide ez direnek nola herritar ez direnek modu batean edo bertzean babes haundia eskaintzen duten ekimena da.