Apirilaren 22rako paro eguna deitu dute Arantza, Bera eta Etxalarko udalek

Aitor AROTZENA 2010ko api. 13a, 11:33
Arantza, Etxalar eta Berako alkateek eman zuten paro egunaren berri astelehen eguerdian. Aitor AROTZENA

Bi orduko geldialdia eginen da, baita kontzentrazioak eta manifestazioa Beran ere

Arantza, Bera eta Etxalarko udalek paro eguna antolatu dute apirilaren 22rako. Zehazki, bi orduko geldialdia eginen da, 12:00etatik 14:00etara. Gainera, 12:00etatik 12:30era kontzentrazioak eginen dira  bortz herrietako plazetan eta 13:00etan manifestazioa abiatuko da Berako Altzate plazatik. Hiru udalek egindako deialdiarekin bat egin dute LAB eta EHNE sindikatuek, Etxalarko EAk eta Herri Taldeak, Berako Aralarrek, Lesakako Oninek eta Berako eta Lesakako Ezker Abertzaleak. Gainera, bertze zenbait gizarte eragileren babesa ere jaso du ekimenak, Berako Larun Mendi taldearena eta Kaxerna Gaztetxearena, Lesakako Gazte Asanbladarena, Tantirumairu dantza taldearena eta Arrano elkartearena, bertzeak bertze.

Deialdia, Arantza, Bera eta Etxalarko udalek onartutako mozioarekin bat dator. Arantzan eta Etxalarren ahobatez onartu zen eta Beran, Ezker Abertzalearen eta Aralarren aldeko botuekin eta EA eta PNVren abstentzioarekin. Lesakan ez zen onartu, Oninek alde baina PNVk eta EAk kontra bozkatu zutelako. Igantzin, oraindik erabakitzeko dute.

Mozioak Bortzirietako egoera sozioekonomikoaz hausnarketa egiten du, “gainbehera ekonomikoa eta soziala nabarmena baita sektore guzietan”. Baina egoera honi buelta ematen ahal zaiola ere uste dute, “nekazariek bertan ekoizten dutena bertan janen bagenu, gure zonaldea hobekiago kohesionatua izanen zen. Behar ditugun gauzak bertan erosten baditugu, bertako komertzio ona eta hurbilekoa babesten ari gara eta lantegietan dauden arazoak kaleratzen baditugu, arazo horiek ez dira lantegienak bakarrik izango, herri osoarenak baizik”. Halere, dena konpontzea ez da gure esku eta mozioaren arabera, “Nafarroako Gobernuak erabateko aldaketa politikoa egin behar du, egungo egoera sozialean eragina izan dezan bertzeak-bertze; EREak ez onartuz eta Udal finantziazioan, dauzkan baliabideak hobekiago banatuz”.

Mozioak Bortzirietako udalek krisiaren kontrako testigua hartzea eta langileriaren borrokaren alde jartzea eskatzen du.

Hiru herrietako alkateek paro eguna aurkezteko agerraldian agertu zutenez, mozio hau, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako alkateek bultzatuta udalez udal onartzen ari den bertze baten osagarria da.

 

Enplegu plana egitea eskatu zaio Nafarroako Gobernuari

Bigarren mozio hau, martxoan Baztan-Bidasoaldeko alkateek egindako bilera baten ondorio da eta bertan, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari Enplegu Plana egitea eskatzen zaio, “langabezi saririk gabe gelditu direnei zuzendua”. Horretaz gain, udalek lur industrialen eta erabiltzen ez diren industria pabilioien inbentarioa eginen lukete, Nafarroako Gobernuak industriak ezartzeko lekua non duen jakin dezan.

Horretaz gain, udalen, Nafarroako Gobernuaren eta Berako Lanbide Heziketa ikastetxearen artean, eskualdeko langileei zuzendutako formakuntza plana egotea ere eskatu dute, lan mundura sartzeko erraztasun gehiago izan dezaten. Enplegua sustatzeko helburu horretan, CEIN edo Cederna-Garalur erakundeekin hitzarmenak sinatzea ere aurrikusten dute udalek.

Mozio hau ahobatez onartu da Bortzirietako udaletan, oraindik landu ez duen Igantzikoan izan ezik eta bertze zenbait udaletan ere orain ari dira eztabaidatzen eta onartzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun