Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketak deitu ditu Udalak

Aitor AROTZENA 2010eko apirilaren 13a

Udalak, Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du, Lesakan jaio edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea apirilaren 30eko 13:00etan akautuko da, ohikoa den sistema erabiliz. Lan guzietan, Lesaka. 2010eko Sanferminak esaldia agertu behar du.
Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 500 euroko saria eramanen dute. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.
Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakako ikastetxeetan ikasten ari diren 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. Hauen lanak ere apirilaren 30erako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Lehenbiziko saria Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 300 euroko balioa duen taloia izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun