Aitzinekoan aipatu bezala, Guardia zibil eta Foru poliziek behin eta berriz egiten dituzte mehatxu, miaketa, umilazio eta abarren aitzinean euren desadostasuna adierazteko, Kaxerna Gaztetxeak prentsaurrekoa eskaini zuen martxoaren 31n, Udalarekin batera. Gaztetxean prestatutako idatziak Udalaren, herriko 40 komertzio eta eragileren eta 170 norbanako baino gehiagoren atxikimendua jasoa du dagoeneko. Udalak, erraterako, martxoaren 25eko batzarrean, ahobatez onartu zuen aipatu idatzia. Kontroletan gelditzeaz gain, gorputz osoan eta kotxeetan ere miaketak egin dituztela, eta «harrokeria izugarriz mehatxatu» dituztela salatu du Kaxernak, «sabemos donde vivís y os pillaremos» bezalako esaldiekin. Horrez gain, «edozein arratsaldetan kale erdian gelditu eta publikoki galtzak jaistea behartu» edo «zibilez jantzita eta kotxe zibilekin atzetik segitu era kriminalak bagina bezala gelditu ondoren, berriz ere miaketak eta mehatxuak» egin dituztela kritikatu dute Kaxernatik. Josu Iratzoki alkateak, bere aldetik, «zerbait serioagoa gertatzeko beldurra» adierazi du, «bereziki gauez». Iratzokik gogoratu zuenez, «2007an kasu larri bat izan zela guardia zibilaren patrol batek eragindako istripuarekin, 2008an ostatu bateko zerbitzariarekin izandako istiluagatik salaketa bidali zuen Udalak Barne Departamentura, 2009an ere arazo beretsua errepikatu zen ostatu batean eta kasu honetan Elma Saiz Barne Departamentuko buruari eskutitza bidali eta Guardia Zibilaren buruarekin ere bildu ginen, baina instituzioekin bilduagatik arazoak berdin segitzen du eta ez da moldatzen. Ea prentsaren bidez emaitza hobea lortzen dugun».