47 langile kaleratu ondotik, enpresak behar izanez gero, hurrengo lau urteetan langileren bat kontratatzekotan kaleratutakoen artetik eginen zuela eta lau errelebo-kontratu eginen zituela erranez itxi zuten urtarrilean akordioa Funveran. Hitzartu ziren errelebo-kontratuak apirilean egitekoak zirenez, LABek ohar bidez jakinarazi duenez, proposamena egin zion ELAri: «lau errelebo kontratuak kaleratutako langile zaharrenei egitea, pentsatzen genuelako, lan merkatuan zailagoa dutela lana aurkitzea eta hasiera batean planteatu ziren 55 kaleratuetatik 47ra jeitsi zituztenean kriterio hori erabili zutelako». Proposamena Langileen Batzordeak enpresari egitea nahi zuen LABek, «langileen afiliazio sindikala kontuan hartu gabe».
Martxoaren 22an zuzendaritzak bilerara deitu zuen komitea eta errelebo kontratuekin ELAko lau afiliatu sartuko zirela erran zuen. LABek kritikatu duenez, «ELAk ez zuen gure proposamena erantzun eta enpresak ez zuen inolako kriteriorik erabili kontratazioak egiteko».
LABeri «arraroa» iruditu zaio gertatutakoa: «ez dugu erraten ELA eta enpresaren artean traturik egon denik, baina badirudi greba bukaeran ELAk enpresari eginiko faborea bueltatu diola orain honek».