Didier Zago frantziarra, 1:40:02 denbora eginik, eta Alizia Olazabal irundarra, 2:05:28ko erregistroarekin, Berako mendi maratoi erdiko seigarren edizioko irabazle izan ziren apirilaren 11n. Zagok ez zuen arazorik izan gizonezko kategorian, Walter Becerra sestaotarra eta Fernando Etxegarai beratarraren aitzinetik irabazreko, 21 kilometro eta 2700metroko desnibela zuen ibilbide gogorra osatu ondotik. Probaren hasieratik nabarmendu ziren Zago eta Becerra eta elkarrekin igaro ziren Ibardingo tarteko helmugatik. Ordurako minutu bateko abantaila ateratzen zioten Fernando Etxegarai beratarrari. Hortik aitzinera, Zagok gibelean utzi zuen Becerra. Larunen, iaz egin zuen marka baino 30 segundu hobe zihoala ikusita, orduantxe pentsatu omen zuen frantziarrak errekorra egin zezakeela eta beheitirakoan denbora horri eutsi egin zion.
Irabazleak 2009an berak ordu 1, 40 minutu eta 19segundutan jarritako errekorra hobetu zuen, 17 segundotan. Ibardingo saria, 150 eurokoa, Zago eta Becerrarentzat izan zen.
Neska kategorian berriz, Olazabal irundarra izan zen lehena Berako kiroldegiko helmuga puntura ailegatzen, Nerea Amilibia aiatarra eta Nekane Azkorbebeitia abadinatarraren aitzinetik. Alicia Olazabalek ere iaz Oihana Kortazar elgetarrak egindako marka 7 segundoan hobetu zuen.
500 lasterkari inguruk parte hartu dute mendi maratoi erdian, hauetatik 466 ailegatu zirelarik helmuga puntura, modu honetan hasiera eman zaio Nafarroako 2. Mendi lasterketa kopari. Sailkapen honetan, Aralar Mendiko Angel Arrieta izan zen lehena (6. Sailkapen orokorrean) eta joan den urtean kopa irabazi zuen Manttaleko Iñigo Lasaga bigarren (7. sailkapen orokorrean). Patxi Irazoki igantziarrak lasterketa utzi behar izan zuen.
Kasik 200 laguntzaile aritu ziren proba behar bezala ateratzeko antolatze lanean eta helburua ederki bete zuten. Proba bukatzean sariak zozketatu ziren eta luntx eder bat ere izan zuten korrikalariek.
Gaztetxoak Ibardineraino
13 eta 17 urte arteko gaztetxoek, Ibardineraino 6,6 kilometroko lasterketa ere egin zuten. 13 eta 14 urte arteko kategorian, Beñat Mitxelena beratarra izan zen bizkorrena (41:54), Julen Etxeberria beratarra bigarren (44:06), Iker Iturria lesakarra hirugarren (44:27), Andoni Lazkanotegi laugarren (46:31) eta Asier Goia bosgarren (49:20). Neska bakarra Ane Eltzaurdia izan zen (55:49).
15-17 urte arteko kategorian, Ander Garmendia bizkaitarra nagusitu zen (41:08), Iñigo Unanue gipuzkoarra bigarren (42:44), Luka Remiro beratarra hirugarren (45:19), Mikel Aldazabal laugarren (51:56) eta Kepa Remiro bosgarren (54:05)
Omenaldiak
Mendi Maratoi Erdia abiatu baino lehen, minutuko isilunea gorde zen ortziralean hildako Manoli Aranbururen omenez, Manttale taldeko Unai Santamaria eta Garbiñe Santamariaren amaren omenez, hain zuzen. Garbiñe, gainera, Loro Pikabea zenaren alarguna da. Gogoratu behar da Loro Pikabea eta Xabier Zubieta izan zirela proba honen bultzatzaile nagusienak eta Xabier Saralegi lesakarrarekin batera, Taillon mendia igotzen ari zirela, hil ziren duela hiru urte. Hauen oroimenez, 1, 2 eta 3 zenbakirik gabe burutzen da lasterketa.
Josune Bereziartu mendizaleak eta Jon Arozena txirrindulariak parte hartu zuten sari banaketan ere, Manttalek omenaldia eskaini nahi izan zion Batixta Telletxeari, Manttaleko korrikalari beteranoenetakoari eta, klubaren eta probaren laguntzaile nekaezinari.