500 korrikalari inguruk parte hartuko iganden honetan jokatuko den Berako Mendi Maratoi Erdian. Seigarren edizioa beteko duen probak 21 kilometro luzera eta 2.700 metro baino gehiagoko desnibela izanen du eta berriro ere, Nafarroako kopako lehen proba puntuagarria izanen da.
Didier Zago lasterkari frantsesa, orain 2 aste Adarrako igoera irabazi zuen Urnietan, eta aurtengoan ere gogor saiatuko da 2009ko garaipena eskuratu eta 1:40:19tan dagoen errekorra hobetzen. Irteera puntuan, Fernando Etxegarai beratarra, bi aldiz karrera irabazi duena eta aurtengoarekin Sara Trail bortzgarren aldiz segidan irabazi duena izanen da. Hauetaz gain, Walter Becerra bizkaitarra, hirugarren 2009an, Iñigo Lasaga, Nafarroako kopako txapelduna, eta Aritz Kortabarria, lehengo urtean Lakuntza-Aralar eta Camile Extreme irabazi zituen korrikalari beteranoa egonen dira.
Neska kategorian berriz, joan den urtean irabazle izan zen Oihana Kortazar elgetarrak ez du parte hartuko, baina borroka estua espero da: Alizia Olazabal, proba 3 aldiz irabazi duena; Nerea Amilibia, hainbat mendi lasterketa irabazi dituena eta Berako mendi lasterketa nahiz eta ez irabazi hirugarren eta bigarren postuan bukatu dituena, eta Ohiana Azkorbebeitia, orain bi aste Sara Korrika Trail irabazi zuenaren artean.
500 korrikalari
Karreran, aurreko urteetan baina parte hartzaile gehiago izanen dira, 500 lasterkari inguruk parte hartuko dutela espero baita, dortsalak izen emate epea ireki eta egun terdira bete zirelarik. Korrikalari guztietatik, %46a Gipuzkoatik dator, %31 Nafarroatik, %11 Bizkaitik eta gainerakoak, Iparralde, Alaba edo Madriletik.
Senior kategoriako irabazle bakoitzak 300 euro, garaikurra eta txapela irabaziko ditu, eta probako errekorra hobetzen duenak 300 euroko sari gehigarria izandn du. Hortaz gain, Ibardingo tarteko helmugatik lehen pasatzen denak 150 euroko saria eskuratuko du.
Bigarren urtez segidan, gaztetxoendako karrera burutuko da. Iaz 15 eta 17 urte artekoak lehiatu ziren eta aurten adina 12 eta 17 urte artekoei zabaltzea erabaki da. Kiroldegi paretik lasterketa nagustia baino 10 minutu lehenago abiatu eta Ibardinen bukatuko den 6 kilometroko lasterketa egin beharko dute hauek.
Aurtengo edizioan denbora kontrol puntua Manttalen, 6. kilometroan, eta Larunen, 900metrorekin probako punturik altuenean, egonen dira. Ibilbide guztia ongi markatu eta zaindua izanen da, boluntario eta osasun zerbitzuetako langileen artean, ia 150 laguntzaile izanen baitira.
Ibilbide guztian hainbat hornidura puntu izanen dira eta lasterketa bukaeran Ricardo Baroja Eskolako frontoian parte hartzaile guztiendako lunch-a emanen da.
Ateraldia lasterketa ikusteko
Jendeak Maratoi Erdia hurbiletik segitzeko, mendi irteera bat eginen da Usategietara. 09:00etan abiatuko da irteera kiroldegitik, gero handik helmugara itzultzeko. Hiru bat orduz eginen da. Horrez gain, 08:30ean bertze mendi irteera bat eginen da korrikalariak Larunen ikusteko.