Indarrak biltzeko batzarra deitu dute Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek

Aitor AROTZENA 2010ko api. 7a, 15:58
Bera, Arantza eta Etxalarko alkateek eman dute indarrak biltzeko batzarraren berri. Aitor AROTZENA

Apirilaren 14ean eginen da Lesakako Kasinon, 20:00etan "Gure eskualdearen defentsan" izenburupean

“Gure eskualdearen defentsan!” izenburupean eta krisi ideologikoari aurre egiteko helburuarekin indarrak biltzeko batzarra izanen da heldu den asteazkenean, apirilaren 14an, 20:00etatik aitzinera Lesakako Kasinon. Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek azkeneko bi urteotan bereziki egindako ekitaldien eta mobilizazioen segida bezala aurkeztu dute ekitaldia. Izan ere, Ainara Maia Arantzako alkateak aipatu duenez, “batzuetan bataila ttiki bat bezala hartzen ditugun ekintzak, gerra sozio-ekonomiko baten barruan kokatu behar ditugu eta batzuk irabaziz eta bertzeak galduta aurrera egiteko modua harrapatu behar dugu”.

Arlo ezberdinek bizi duten krisiaz solastuko dira lehenik hizlariak. EHNE sindikatuko Mikel Altzuart lehen sektorearen krisi iraunkorraz ariko da eta sektore honek urtetan hartuko duen bilakaeraz eta garrantziaz; Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea instituzioen krisiaz ariko da eta udalen egoeraz; Herri Mugimenduko Joseba Otondo krisi ekologikoaz ariko da eta Erdiz Bizirik Plataformaren ibilbidea eta honen ekarpenaz ere mintzatuko da, “proiektu txikitzaileen kontra ere, garaipenak lortzen ahal direla agerian utziz” eta Funveratik kaleratutako langile bat, Jose Mari Telletxea, lantegietako krisiaz ariko da eta langileriaren borroka nola antolatu eta zer emaitzak ematen dituen aztertuko da.

Ondotik, arloz arloko hausnarketa hauen ondotik, ekimen guzti hauek kokapen orokor batean jartzeko Nekane Jurado ekonomilariaj, Mundu mailako krisiaren bilakaera nola etorri den gure artera azalduko du. Modu errazean, munduan eman diren mugimendu batzuk zer eragin izan duten gure zonaldean azalduko du “Elkartzen” Mugimendu sozialeko kideak.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun