Guardia Zibilaren eta foruzaingoaren jokabidea salatu dute Berako Gaztetxeak eta Udalak

Aitor AROTZENA 2010ko api. 12a, 12:43
Berako udal ordezkariek Kaxerna Gaztetxekoekin batera eman dute prentsaurrea asteazken eguerdian. Fermin ETXEKOLONEA

Kaxerna Gaztetxeak aurkeztutako idatzia ahobatez onartu zuen Udalak martxoaren 25eko batzarrean

Berako herrian Guardia zibil eta Polizia foralaren aldetik behin eta berriz gertatzen ari diren mehatxu, mihatze, umilazio etabarren aitzinean bere desadostasuna adierazteko,  Kaxerna Gaztetxetik egoera hau salatzea erabaki du prentsaurrean.

Gaztetxean prestatutako idatziak Berako udalaren, herriko 40 komertzio eta eragileren eta 170 norbanako baino gehiagoren atxikimendua jaso du dagoeneko. Berako Udalak martxoaren 25eko batzarrean, Ezker Abertzalearen, EAren, Aralarren eta PNVren botuekin ahobatez onartu zuen Gaztetxeak aurkeztutako idatzia. Herriko eragileei dagokienez, LAB sindikatuak, Labiaga ikastolako Guraso Elkarteak, Ertz kolektiboak eta herriko bertze zenbait musika taldek, Euskara Batzordeak, Espidobaita elkarteak eta bertze zenbaitek adierazi diete atxikimendua gazteei.

Kaxerna Gaztetxearen idatziaren arabera, guardia zibil eta foralen jokabidea ez da kontu berria Beran eta ez da lehenengo aldia salatzen dutena, “baina gure herrian poliziaren presioak goiti egin du. Azkeneko hilabeteetan ostatuetan guardia zibilek egin izan dituzten ibilera eta probokazioez gain, orain polizia foralak eta guardia zibilak modu itogarrian dabiltza gure artean. Uniformez eta baita zibilez ere, drogaren aurkako aitzakiarekin herritarrak modu desproportzionatu batean kriminalizatuz”.

Gaztetxeko idatziak dioenez kontroletan gelditzeaz gain, gorputz osoan baita kotxeetan ere mihaketak burutu dituzte, baita harrokeri izugarriz mehatxatu, “sabemos donde vivís y os pillaremos” bezalako esaldiekin. Horretaz gain, “edozein arratsaldetan kale erdian gelditu eta publikoki galtzak jaistea behartu” edo “zibilez jantzita eta kotxe zibilekin atzetik segitu era kriminalak bagina bezala gelditu ondoren, berriz ere mihaketak eta mehatxuak” egin dituztela salatu dute Kaxernatik. Egoera hau “gure gerrian bizi behar izateaz eta beraietaz nazkatuak” daudela aitortu ondotik, “Nork kontrolatzen ditu kontrolatzaileak?” galdetzen dute. Lehendik ere gertaera hauek izan direla eta behin eta berriz egoeraren larritasuna azpimarratu duten arren, ez dute aldaketarik somaten eta istorioa etengabe errepikatzen dela gogorarazi du Kaxerna Gaztetxeak eta arduradunen aldetik egoera aldatzeko inongo intentziorik ez dagoela ikusten dute. Horregatik komunikabideetara jo dute asteazken eguerdian, “ez dugulako egoera hau onartzen, eta jendeak jakin dezan batzuk diotenez gure segurtasuna bermatzeko dauden hauek nola dabiltzan”. “Aski da!, Utzi gure herria bakean!” aldarriarekin bukatzen da Josu Iratzoki alkateak irakurri duen Berako Kaxerna Gaztetxearen idatzia.

 

«Zerbait gertatzeko beldurra»

Alkateak bere beldurra adierazi du, “zerbait serioagoa gertatzeko beldurra, bereziki gauez”.  Iratzokik gogoratu zuen 2007an kasu larri bat izan zela guardia zibilaren Patrol batek eragindako istripuarekin, 2008an ostatu bateko zerbitzariarekin izandako istiluarengatik salaketa bidali zuen Berako Udalak Barne Departamentura, 2009an ere bertze arazo beretsua errepikatu zen ostatu batean eta kasu honetan Emma Saiz Barne Departamentuko buruari eskutitza bidali eta Guardia Zibilaren buruarekin ere bildu ginen, baina instituzioekin bilduagatik arazoak berdin-berdin segitzen du eta ez da moldatzen. Ea prentsaren bidez emaitza hobea lortzen dugun”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun