"Baztan-Bidasoak bizi behar du" lelopean manifestazioa deitu du LABek apirilaren 10erako

TTIPI TTAPA 2010ko api. 12a, 12:37
LABen ustez, Fermin ETXEKOLONEA

Funveratik abiatu eta Berako Herriko Etxeko plazaraino joanen da

Joan den urteko maiatzaren 2eko grebarako bezalaxe, gaur egun ere kalera ateratzeko arrazoiak soberan daudela pentsatuz, apirilaren 10erako manifestazioa deitu du Baztan-Bidasoako LAB sindikatuak, “Baztan-Bidasoak bizi behar du” lelopean. Funvera lantegiko ataritik eguerdiko 12:00etan abiatuta, Berako Herriko Etxeko Plazaraino joanen da.

Koldo Saenz, LABeko ordezkaria ez da luzatu eskualdeko azken urteko datu ekonomiko larrietan, baina zoritxarrez egoera ez dela aldatu eta “Funverakoaren ondotikan, Saveran 40 langile kaleratzeko mehatxua dago, eta bertze hainbat enpresetan etorkizuna kolokan dago, zonaldeko enpresa ertain-haundi ia guztiak EREtan murgildurik daude eta”.

Patronalak, Gobernuak eta UGT-CCOO sindikatuek osatzen duten taldeak langile eta pentsiodunen eskubideak oraindik eta gehiago estutu nahi dituztela uste du LABek, “pentsio bat eskuratzeko baldintzak gogortu nahi dituzte, kaleratzeak merketu, ETTen jarduera eremua zabaldu, gazteentzako sortu nahi dituzten kontratuak eta txeke txuria patronalari EREak aplikatzeko, oraindik gehiago!”. Gazteen kontratoarekin egin nahi dutena bereziki lotsagarria iruditzen zaio LABeri eta dei berezia egin diote gazteriari apirilaren 10eko manifestaldian parte hartzeko, “eta orokorrean bere etorkizunaren alde borrokatzeko”.

Sakanaren ondotikan Baztan-Bidasoaldea da krisiarengatik eskualdetik kaltetuena eta LAB sindikatuari ez zaio kasualitatea iruditzen desindustralizazio hau Nafarroako zonalde euskaldunen eta abertzaleenetan ematea. Nafarroak behar duen aldaketa sakona euskal gehiengo sindikalaren eskutik etorriko dela uste du LABek eta alde horretatik, apirilaren 10eko manifestazioa nahi duen guziarentzat zabalik izanen dela gogoratzeaz gain, “deia luzatzen diegu sindikatu horiei ika mikak alde baterautzi, desadostasunak alboratu eta norabide horretan elkarlanean aritzeko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun