Manttale Mendi Lasterketa taldeak antolatuta, aurten seigarren aldiz, Berako Mendi Maratoi Erdia eginen da apirilaren 11n. Gainera, joan den urtean bezala, Nafarroako Kopako lehen proba puntuagarria izanen da.
2.714,60 metroko desnibela izanen du eta 21,150 kilometroko luzera. Kilometro horietatik 9,72 malda goiti dira eta 10,96 beheiti. Ibilbideko puntu gorena, Larungo kaxkoa izanen da (900,40 metro) eta baxuena irteera eta helmuga puntuak: Berako herria (31,90 metro). Inoiz baino kirolari gehiagok eman dute izena aurten, antolatzaileek parte-hartzaile kopurua 400etik 450era igotzea erabaki dutelako. Aipatzekoa, halaber, dortsalak izen-emateko epea zabaldu eta 30 orduren buruan agortu zirela.
Dortsalen banaketa
Dortsalak banatzen bezperan hasiko dira, apirilak 10. 17:00etatik 18:00etara kiroldegian ariko dira, baita lasterketa egunean ere, 08:00etatik 09:00etara.
Kiroldegian hasi eta bukatuko da lasterketa. 09:30ean abiatuko dira lasterkariak eta zazpi hornidura puntu izanen dituzte. Horrez gain, erretiratzeko hiru gune: Ibardin (6. kilometroa); Usategieta (10. kilometroa) eta Landagainetan (17. kilometroa). Antolatzaileek lehen lasterkaria 11:10 aldera ailegatuko dela aurreikusi dute eta azken sailkatuak 12:50erako egon beharko du helmugan. Lasterketa amaitzean, sari banaketa, oparien zozketa eta luntxa izanen dira.
Gaztetxoak ere bai
13-17 urtekoentzat 6,6 kilometroko ibilbidea izanen duen lasterketa ere eginen da, kiroldegitik abiatu eta Ibardinera, hain zuzen. Helduak atera baino hamar minutu lehenagotik hasiko da gaztetxoen proba hau, 09:20an.
Ateraldia lasterketa ikusteko
Jendeak Maratoi Erdia hurbiletik segitzeko, mendi irteera bat eginen da Usategietara. 09:00etan abiatuko da irteera kiroldegitik, gero handik helmugara itzultzeko. Hiru bat orduz eginen da. Horrez gain, 08:30ean bertze mendi irteera bat eginen da korrikalariak Larunen ikusteko.
MANTTALE MENDI LASTERKETA TALDEA
Denboraldi berria hasi da
Joan den igandean ekin zion Manttale Mendi lasterketa taldeak denboraldi berriari, Sara Korrika Trail lasterketarekin. Hurrengo hitzordu nagusia Mendi Maratoi Erdia izanen da eta hortik aitzinera, hainbat lasterketetan parte hartzeko aukera izanen dute, tartean Espainiako Koparako baliagarriak diren batzuetan (Camille Extreme, adibidez, uztailaren 18an). Espainiako txapelketa indibiduala eta erkidego artekoa maiatzaren 30ean eginen da Sabiñanigon, Puyada Oturia lasterketan. Klub arteko txapelketa, berriz, urriaren 10ean eginen da Gasteizen. Asfalto gainean ere aukera zabala izanen dute.
Joan den urtean, bertzalde, 65 probetan izan zituen ordezkariak –33 mendiko lasterketetan eta 32 errepidekoetan– , baina guztien gainetik oihartzun haundikoa izan zen Iñigo Lasagarekin Mendi Lasterketen I. Nafarroako Kopan lortutako garaipena eta Txus Unsionek beteranoen kategorian erdietsitako azpitxapela. Gainera, Manttale bigarren sailkatu zen Euskadiko Klub arteko Txapelketan; Camille Extreme proban, Iñigo Lasaga, Iñaki Larrañaga, Txus Unsion eta Aitor Mitxelenak defendatu zuten taldearen elastikoa. Eta bakarkako zortzi garaipen lortu zituen: mendi lasterketetan Iñigo Lasagak hiru garaipen (Etxarri, Sara eta Zumarraga-Urretxun) eta Iñaki Pikabeak Urdazubin. Txus Unsion lehenengo beteranoa izan zen Baigurako Lasterketan eta Lorea Agirre, Hueskan. Zegama-Aizkorriko Maratoian, berriz, Iñigo Lasaga 18. postuan helmugaratu zen eta Unai Santamaria 30.a, aurtengo txartela eskuratuz. Errepideko lasterketetan berriz, lau garaipen erdietsi zituen: Kristina Arbuesek Bertizaranan eta Azkaineko Neska Korrikan; Jone Zelaieta Hiriburun eta Lorea Agirrek Agerran.
6-12 urteko gazteei zuzendutako Manttale Ttiki atletismo eskola, bertzetik, indartzen ari da eta 50 gaztetxo bi multzotan banatuta ari dira.