Berako Funveran errelebo kontratuarekin sartuko diren lau langileak ELAko afiliatuak direla salatu du LABek

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 30a

Errelebo-kontratua kaleratutako lau langile zaharrenei egitea proposatu zuen LABek. TTIPI TTAPA

"ELAk grebaren bukaeren eginiko faborea enpresak bueltatu diola dirudi", adierazi du LABek

Berako Funverako LABek azken asteetan lantegian izandako zenbait gertakari salatu nahi izan ditu prentsa-ohar baten bidez.

Legeak kontuan hartzen duen kalte-ordain minimoarekin 47 kaleratzeekin bukatu zen grebari buruzko baloraziotan sartu gabe, orduan hitzartu ziren errelebo-kontratuak apirilean egiteko garaia heldu da. LABek proposamena egin zion ELAri: “lau errelebo kontratuak kaleratutako langile zaharrenei egitea, pentsatzen genuelako, lan merkatuan zailagoa dutela lana aurkitzea eta hasiera batean planteatu ziren 55 kaleratuetatik 47ra jeitsi zituztenean kriterio hori erabili zutelako. Proposamen hau komiteak enpresari egitea nahi genuen, kontutan hartu gabe langile horien afiliazio sindikala.”. Proposamen hau idatziz egin zion LABek ELAri, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso adierazi zute.

Baina joan den astelehenean, martxoaren 22an komitea deitu zuen enpresak eta errelebo kontratuarekin ELAko lau afiliatu sartuko zirela jakinarazi zuen. LABek dioenez, “ELAk ez zuen gure proposamena erantzun eta enpresak ez zuen inolako kriteriorik erabili kontratazioak egiteko; nahi izan zuena kontratatu zuen”.

LABeri arraroa iruditzen zaio gertatutakoa, “ez dugu erraten ELA eta enpresaren artean traturik egon denik, baina badirudi enpresak ELAk grebaren bukaeran eginiko faborea bueltatu diola, jakinik LABeko afiliaturen bat kontratatuz gero oposizio gehiago izan behar zuela langileen artean”. LAB sindikatuari ez zaio kasualitatea iruditzen gertaturikoa, “kontutan izanik enpresa hitzarmena negoziatzeke dagoela oraindik, eta 2011n hauteskundeak tokatzen direla”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun