Guardia zibil eta foralen jokabidea salatu du Kaxerna Gaztetxeak

ttipi-ttapa 2010eko martxoaren 29a

Prentsaurrekoa eskainiko du asteazkenean udaletxean

«Gure herrian poliziaren presioak goiti egin du». Horrela salatu du Ka­xerna Gaztetxeak. Bere hi­tzetan, «azken hilabeteetan ostatuetan guar­dia zibilek egin dituz­ten ibilera eta probokazioez gain, orain polizia foralak eta guardia zibilak modu itogarrian dabil­tza gure artean». Halaber, «uni­­­formez eta zibilez, droga­ren aurkako aitzakiarekin herrita­rrak modu desproportzionatu batean kriminalizatuz» dabil­tzala kritikatu du Gazte­txeak.
Egoerarekin «nazkatuak» daudelako asteaz­ken honetan, martxoak 31, pren­tsau­rrekoa es­kain­tzekoa da Gaztetxea Herriko Etxean, 12:00­etan. Idatzi bat  ere kaleratu du eta dagoeneko Udalaren, he­rriko 40 komertzio eta eragileren eta 168 norbanakoren atxikimendua jaso du.
Dantza ikastaroa
Plazetako ohiko euskal dan­tzak ikasteko helduentzako ikastaroa antolatu du Gure Txokoa Dantza Taldeak. Dantza­tzen ez dakitenei edo ia ez dakiten 16 urtetik goitikoei dago zuzendua eta apirilaren 9an hasiko da. Aldaketarik ezean, bi hilabetez zortzi klase emanen dira eta ortzi­ralero 19:30ean bilduko dira Eztegara frontoian.
Ikastaroa 10 euro kostako da eta interesatuek apirilaren 7a izanen dute izena emateko azken eguna, ondoko tokietan:  Erre­kalde, Ka­ta­ku eta Xuga ostatuetan eta Labe Zar eta Sarobe okindegietan. Informazio gehiago: 662 506398-an (Jon) edo guretxo­koa­dantza. blogspot.com-en.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun