Joan den larunbatetik iganderako gauean, Lesakan gertatutako ekintza bandalikoak salatu ditu EAJ-PNVk idatzi batean bidez. Ekintza hauen ondorioz, Bittiria karrikako zenbait zaborrontzi erre zituzten eta honek, ondoan zegoen auto bat erretzea ere eragin zuen; farola bat ere hautsi zuten, baita Tantirumairu ikastolaren aitzinean zegoen pibote bat eta Euskadiko Kutxaren pareko trafikorako ispilua.
Ekintza hauek arbuiatu ditu Lesakako EAJ-PNVk, “ezaugarri hauetako ekintzek ez dutelako inolako justifikaziorik, lesakar guzienak diren herriko hornigarriak erasotuz eta herriko bizilagunei bertze kalte kolateralak eraginez”.
Erasotzaileen heldutasun falta nabarmentzen duten ekintzak direla ere uste du PNVk, “herritarrak arriskuan jartzen dituena eta lehendik ere nahiko lan baduen herriko diru kutxari gastua ekarriko diona. Eta zertarako?”.
EAJ-PNVk ardura eskatu die honela jokatzen duten pertsonei, ez diotelako mesederik egiten ez herriari ez bizilagunei eta salaketa publiko honetaz gain, salaketa formala ere jarri duela jakinarazi du.
PNVk dioenez, “Lesaka gizarte eta kultur topaketen egoitza izatea nahi dugu, joan den larunbatean Nafarroako Bertso txapelketaren finalean izan zen bezalaxe, sentsibilitete ezberdinen topagune baketsua. Lesakako Udalak honelako kultur eta besta eguna posible izateko eginahal handia egin zuen, eta halako egun batek ez zuen honelako bukaerarik merezi”.
Lesaka lesakar guziena dela eta “gure herria zaintzea guzien ardura” dela gogoratuz bukatzen da PNVren idatzia.