Berako Mendi Maratoi Erdiaren aurkezpen ofiziala egin zen martxoaren 24an Iruñean

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 25a

Berako VI. Mendi Maratoiaren aurkezpena egin zen asteazken goizean Iruñean. Bertan izan ziren Manttaleko Iñaki Pikabea eta Txomin Irazoki. TTIPI TTAPA

Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako baliagarria den lehen proba izanen da, apirilaren 11n

Aurten seigarren urtez, apirilaren 11n Berako Mendi Maratoi Erdia antolatu dute  Manttale mendi lasterketa taldeak, Gure Txokoa elkarteak eta Agerra Mendi taldeak, zenbait laguntzaile eta babeslerekin batera. Aipatu, joan den urtean bezala, Nafarroako Koparako puntuagarria izanen dela. Lasterketaren aurkezpen ofiziala egin zuten martxoaren 24an, asteazken goizean Iruñean eta bertan izan ziren Manttaleko Iñaki Pikabea eta Txomin Irazoki ere.

Gogoratuko duzuenez, martxo hasieran ireki zen izen emateko epea eta 30 orduz banatu ziren 450 korrikalariendako dortsalak, horixe baitzen aurten paratutako muga. Gaur egun 180 lagun baino gehiago omen daude itxaron zerrendan, izen emandako norbaitek huts eginen balu, toki hori betetzeko.

Joan den urtean 496 korrikalarik hartu zuten parte eta horietatik 449 ailegatu ziren helmugara. Aurten, bortz lehenbiziko sailkatuendako sariak igo eginen dira. Honela, gizaseme nahiz emakumezkoen kategorietan irabazten dutenek 300 euroko saria izanen dute, 250 eurokoa bigarrenek eta 200ekoa hirugarrenek. Ibardingo tarteko helmugan (6. Kilometroa) lehenbiziko pasatzen denak 150 euro jasoko ditu eta joan den urtean Didier Zagok ezarri zuen errekorra hobetzen duenak 300 euro.

Ibilbidea aitzineko urteetakoaren berdina izanen da: 2.714,60 metroko desnibela eta 21,150 kilometroko luzera izanen ditu. 9,7 kilometro igoitzen emanen dituzte, %45eko igoera batekin, eta 10,9 jausten.

 

Gaztetxoak ere korrika

Egun berean, gaztetxoek ere izanen dute lasterka ibiltzeko modua, Aurten parte hartzeko adina zabaldu egin da, iaz 15-17 urte bitartekoentzat izan zen lasterketa hau eta aurten 13 eta 17 urte artekoek egiten ahalko dute Ibardinera 6,6 kilometroko korrikaldia. Irteera 9:20an izanen dute, lasterketa nagusiak baimo 10 minutu lehenago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun