Bidasoa ibaiaren inguruko azterketa eta ur-auditoria proiektua aurkeztuko dira Beran ortzegun arratsaldean

Amaia eta Ainhoa 2010ko mar. 24a, 10:14
Bidasoaren egoera hobetzeko hartu beharreko neurriak proposatuko dira. TTIPI TTAPA

Bertako eragileek ibaiaren eta urkudeaketaren inguruan duten iritzia jaso nahi da

Aurten egin behar den Bidasoa ibaiaren inguruko azterketaren eta ur auditoriaren aurkezpena eginen da Berako Udaletxeko Batzar aretoan, 18:30ean. Bertan Josu Iratzoki alkatea, Eva García Balaguer Nafarroako Uraren Foroaren koordinatzailea eta lanak egiteko kontrataturiko enpresak izanen dira. Guztira, 20.000 euroko aurrekontua du asmo honek.

Ikerketa honetan, ibaiaren gaur egungo egoera aztertuko da Beran eta etorkizunean Bidasoaren egoera hobetzeko hartu beharreko neurriak proposatuko dira. Horrekin batera, ur auditoria eginen da herriko zenbait eraikinetan, baita ura aurrezteko proposamenak mahaigaineratu ere.

Lan hauek Europako Sud’eau izeneko proiektuaren barruan egin behar dira. CRANA fundazioak (Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabideen Zentroa) zuzentzen du Europako Hego-Mendebaldeko uren eta ibaien tokiko kudeaketa iraunkorra bultzatzen duen proiektu hau. Berako Udalak hitzarmena sinatu du CRANArekin lan hauek aurrera eraman ahal izateko.

Etorkizunean hartu beharko litezkeen erabakiak eta neurriak adostu baino lehen, beharrezkoa da bertako eragileek ibaiaren eta ur kudeaketaren inguruan duten iritzia jasotzea. Horregatik partehartze plana jarriko da martxan datorren hilabetean. Helburua, denon artean ura aurreztea herri eraikinetan eta Bidasoa ibaiaren osasuna bultzatzea datozen urteotan. Hori dela eta, Udalak bilera honetara gonbidatzen ditu interesa duten erakunde guztiak eta partehartze plangintzan izena eman dezaten eskatu.

 

Sud'eau proiektua

Sud’eau egitasmoa Europa Hego Mendebaldeko Lurraldeen arteko Lankidetzarako Programa Eragilearen barruan dago. Egitasmoaren helburu estrategikoa da metodologiak berritu, esperimentatu, baliozkotu eta hedatzea, tokiko eta eskualdeko ekimen bitartez, urari buruzko kudeaketa iraunkorra eta parte-hartzailea sustatzeko. Europako honako lurraldeak dira bertako bazkide: Cantabria, Nafarroa, Katalunya, Midi Pyrenées, Gaztela-Leon eta Oporto. Guztira 2 milio euro goitiko aurrekontua du, horietatik 405.000 euro Nafarroan.

Sud’eau egitasmoa Urari Buruzko Esparru Zuzentarauan oinarritzen da: Ingurumenari begira, uraren eta ibaien egoera ekologiko ona lortu nahi du; Ekonomia arloan , uraren erabilera iruankorra ziurtatu nahi du, kosteak berreskuratuz eta eskaria kudeatuz; Gizarteari begira berriz, helburua da herritarrek uraren planifikazioan eta kudeaketan parte har dezaten sustatzea.

Egitasmoaren asmoa da tokiko esperientzia erakusleak abian jartzea, uraren kudeaketan ereduzko prakitak izanen diren esperientziak. Proiektu hauek martxan jartzeko orduan, herritarrek partehartzeko prozesuak behar beharrezkoak dira, Urari buzruzko Esparru Zuzentarauak azpimarratzen duenez. Parte-hartzeak, gainera, aukera ematen du herritarren artean uraren gaineko ingurumen kontzientziazioa eta sentsibilizazioa zabaltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun