Sara Trail Korrika proban abiatuko da Manttale Mendi lasterketa taldearen denboraldia

Aitor AROTZENA 2010eko martxoaren 18a

Manttaleko kirolariek denboraldi bikaina osatu zuten iaz. TTIPI TTAPA

2009an zortzi garaipen lortu zituen mendi lasterketetan eta lau errepidekotan

Manttale Mendi lasterketa taldeak denboraldi berriari ekinen dio, martxoaren 28an eginen sen Sara Korrika Trail lasterketarekin. 25 kilometroko lasterketa izanen da, 1.443 metroko desnibelarekin. Eta gorriz ederki markatutako bertze lasterketa, noski, apirilaren 11ko Berako VI. Mendi Maratoi Erdia izanen da, antolatzaile izatea ere egokitzen baitzaio Manttaleri. Hortik aitzinera, hainbat mendi lasterketetan parte hartzeko aukera izanen dute Manttaleko korrikalariek urte osoan, tartean Espainiako Koparal baliagarriak diren batzuk (Camille Extreme tartean, uztailaren 18an). Espainiako txapelketa indibiduala eta autonomia artekoa maiatzaren 30ean eginen da Sabiñanigon, Puyada Oturia lasterketa gogorrean. 38 kilometro bete beharko dituzte, 2.200 metroko desnibelarekin. Klun arteko txapelketa, berriz, urriaren 10ean eginen da Gasteizen, 29 kilometro terdiko ibilbidearekin eta 1.500 metroko desnibelarekin.

Mendi lasterketetan ez ezik, asfalto gaineko karreretan ee hasiak dira Manttalekoak, eta horietan ere aukera zabala izanen dute Manttalekoek.

Denboraldi berria buruan, joan den urteko memoria ere argitara eman du Manttale mendi lasterketa taldeak. Iragan abenduaren 31ean Donezteben ospatu zen San Silbestrearekin amaitutzat eman zuen Manttale Mendi Lasterketa Taldeak 2009. urteko denboraldia. 30 lasterkalariz osatutako taldeak, 65 probetan izan zituen ordezkariak urte osoan (hauetatik 33 mendiko lasterketak eta bertze 32 errepidekoak ).

 

Mendi lasterketetan bakarkako zortzi garaipen eta Nafarroako Kopa Lasagarentzat

Guztien gainetik oihartzun haundikoa izan zen Iñigo Lasagarekin Mendi Lasterketen I. Nafarroako Kopan lortutako garaipen haundia eta Txus Unsionek beteranoen kategorian erdietsitako azpitxapelketa. Bi lasterkalari hauek izan ziren Nafarroako Kopako 6 probetan parte hartu zuten kirolari bakarrak ere. Hauetaz gain, Manttalek bigarren sailkatu zen Euskadiko Klub arteko Txapelketan ; Isabako Camille Extreme proba gogorrean,Iñigo Lasaga, Iñaki Larrañaga, Txus Unsion eta Aitor Mitxelenak defenditu zuten taldearen elastikoa. Bakarkako zortzi garaipen lortu zituen bertzalde: mendi lasterketetan Iñigo Lasagak hiru garaipen eskuratu zituen (Mendira Joan-Etorria Etxarrin, Sarako Kontrabandisten Lasterketa eta Zumarraga- Urretxu) eta Iñaki Pikabeak Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketa. Txus Unsion lehenengo beteranoa izan zen Baigurako Lasterketan eta Lorea Agirre, Hueskan, Hecho bailarako Boca del Infiernoko lasterketan garaile izan zen.

 

Manttaleko lau ordezkari izan ziren Zegama-Aitzkorriko Maratoiko irteera

puntuan, Munduko Koparako puntuagarria den inguruko proba bakarrean hain zuzen ere. Iñigo Lasaga 18. postuan helmugaratu zen eta Unai Santamaria 30.a, aurtengo edizioan parte hartzeko txartela eskuratuz.

 

Errepidean lau garaipen

Errepideko lasterketetan berriz, Manttaleko ordezkariak Nafarroa, Gipuzkoa, Iparraldean eta bertze lurraldeetako 32 probatan izan ziren. Lau garaipen erdietsi zituen, Kristina Arbuesek Bertizaranan eta Azkaineko Neska Korrikan lortu zituenak, Jone Zelaieta (Hiriburu) eta Lorea Agirreren (Agerra) garaipenekin batera. Lasterketa nagusienetan parte hartu zuten Manttaleko gizon eta emakumeek eta hainbat podiumetan izan ziren. Berako Mendi Maratoi Erdiaren bosgarren edizioa ere antolatu zuen apirilaren 19an, 500 partehartzailerekin. Manttaleren gotti-betti guztiak www.manttale.com webgunearen bitartez zabaltzen dira, lasterketen inguruko berraik, taldeari dagozkionak, argazki sortak…

 

Manttale Ttiki

2008. urtean abian jarri zen 6-12 urte bitarteko gazteei zuzendutako atletismo eskolak, 2009. urteko urrian eman zion hasiera bigarren ikasturteari. Lehenengo urteko kopurua bikoiztu zen ia, 6-10 eta 10-12 urteetako gaztetxoak bi multzotan banatuta, 50 ikaslek eman zuten izena ekainerarte luzatuko den ikasturtean. 4 begiralek, Jone Zelaietaren gainbegiradapean, larunbat goizero biltzen diren gazteei atletismoari buruzko oinarrizko ezagupideak eskeintzen dizkiete, ikasgai eta joku

didaktikoak erabiliz. Teoria eta praktika uztartzen dituzte, beroketak nola

egin, luzaketak, lasterketako teknika etabar luze bat jorratuz. Kurtsoan zehar, hiru irteera burutzen dira, mendialdera, hondartzara eta hainbat

lasterketetara ere. Iaz Leitzako krosean eta Hiriburun izan ziren 10 bat laguneko multzo bat, lehiaren nondik norakoekin familiarizatzen joan zitezen. Aurtengoan pistan Plaiaundin, Irunen ospatuko diren eskolarteko lasterketetan ere parte hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun