Bortzirietako gurasoen ordezkaritza kontent atera da Parlamentuan izandako bileratik

Aitor AROTZENA 2010ko mar. 18a, 12:55
Angela Irisarri, Ainhoa Saldias, Marta Altzugarai, Juan Manuel Aranibar eta Xabier Llucia, asteazken arratsaldean Parlamentuan. TTIPI TTAPA

Pediatraren ordezkapenak betetzea eskatu zuten eta harrera ona jaso zuten talde guzien aldetik

Bortzirietako ikastetxe guzietako Guraso Elkarteen ordezkaritza bat bildu zen asteazken arratsaldean Nafarroako Parlamentuan, Osasun Batzordeko talde parlamentario ezberdinetako kideekin, zonaldeko pediatria zerbitzuari buruzko zenbait eskari egiteko. Eskari nagusia: Lesakako Osasun Etxeko pediatra titularraren ordezkapenetako arazoa lehenbailehen moldatzea, adinaren araberako osasun-laguntza publikoa eta kalitatezkoa bermatuz eta ekitatezko printzipioa errespetatuz.


«Pediatria zerbitzuak ez du behar bezala funtzionatzen»

Juan Manuel Aranibar (Bera), Xabier Llucia (Bera), Angela Irisarri (Etxalar), Ainhoa Saldias (Igantzi) eta Marta Altzugarai (Lesaka) izan ziren politikariekin bildu ziren Bortzirietako gurasoak eta harrera ona izan zutela adierazi digute. Guraso Elkarteek egindako idatziak dioenez, “azken urte hauetan pediatria zerbitzu honek ez du behar den bezala funtzionatzen, zenbaitetan gure umeak pediatrak atenditu beharrean, etxeko medikuak  atenditzen dituelako”. Gurasoen ustez, honek ondoriok txarrak ditu, alde batetik etxeko medikuek ziurtasunik gabe lan  egiten dutelako eta larrialdi zerbitzuetara bideratzen dituztelako, berez larritasun sobera ez duten kasuak. Larrialdi zerbitzuetan ere haserretu egiten dira kasu arruntak ailegatzen zaizkienean eta bien bitartean, haurrek ordu guttiren barrenean atentzioa hartu beharrean, denbora gehiago pasatzen dute. Batzutan, medikuek egun bat beranduago ikusten ditu haurrak.

 

NABAIk mozioa aurkeztuko du

NABAIko ordezkariak ados agertu ziren Bortzirietatik eramandako eskariekin, eta ez dute ulertzen hainbertze urteren ondotik arazoa ez moldatzea. Adibide gisara, “neurologo batek bere pazienteak ez dituela familiako mediku batera bideratzen” erran zuten, “eta hori gertatuko balitz, eskuak burura eramanen genituzke, baina pediatrian horixe gertatzen da”. Alde horretatik, parlamentuan mozioa aurkeztuko du NABAIk, gaur egungo pediatria zerbitzua mantentzea eskatuz Osasun Departamentuari, erran nahi baita “Osasun Zentro bakoitzean pediatra titulatuak izatea eta baja, opor edota atsedenaldian kasuan, ordezkapenak bermatuz”. Pediatra bakoitzak 800 haur edo, gehienez, 1.000 artatu beharko lituzteela uste du NABAIk. Gainerako taldeek ere bidezkotzat jo zituzten Bortzirietatik eramandako eskariak eta laguntzeko prest daudela adierazi zieten gurasoei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun