Guztiaren eta denen beharra dugu ttipi-ttapan, bai noski!

Aitor AROTZENA 2010ko mar. 17a, 15:45

Ba bai... Batzuk diruaren beharra dugu bizirauteko (ez aberasteko). Halakoxe mixerableak gara. Ezkontza gehigarrien beharra dugu, moda gehigarriena, kirol, besta, feria eta Eguberrietako gehigarriena, eskualdeko Telefono Gidarena. Iruñeko jauntxoek banatutako diru apurren beharra genuen Ttipi-Ttapa Telebistan hameka urtez ahalik eta lan txukunena egiteko. Jakina, langile gehienek bezala, merezi baino soldata ttikiagoren eta lan-ordu gehiagoren truke. Nahi baino errepikapen gehiago eman behar izaten genituen, baliabideek ez zutelako gehiagorako ematen. Baina baten batek soluzio magikoa topatu du: telebista duinago baten alde borrokatu beharrean, edo hori soberaxko eskatzea bada, telebista katez aldatu edo itzali beharrean (aspergarria behar du izan publizitatea bertzerik ez duen kate batean hogei errepikapen ikusten egotea), Jauntxoei eskerrak eman Ttipi-Ttapa Telebista dirulaguntza ukatuz itxiarazi zutelako eta langileak, esplotaziotik askatuz hori bai, lan­gabezira bidali zituztelako. Zein euskara aholkulari bikaina galdu duen Sanz jaunak!
Eta aldizkariaz ere zer erran. 30 urte dituen aldizkarian agertzen diren berriak ez omen dira publizitatearen apaingarri bertzerik. Eta berriemaileak? Beharrik bakarren batek begiak ireki dizkien! Borondatetsuak bai, baina tonto hutsak! Hamabostero berriak bila­tzen jauntxo bat aberasteko eta albisteak publizitate azpian, hor nonbait, ezin bilatuz ibiltzeko erabiliak. Horien beharra ere badugu. Baita hamabortzero publizitatea sartzea erabakitzen duten denda, ostatu, jate­txe, autonomo eta gainerakoena ere. Horien propagan­da behar dugu, ez bakarren batek bertze tokitan (debalde?) egiten digunarena.
Izan ere, beharrik debalde den Ttipi-Ttapa, bertzenaz de qué? Bortzirietan eta bertze zenbait herritan doan hartzearen arrazoia Mankomunitate eta Herriko Etxeen dirulaguntza da eta horien beharra ere badugu. Baina udalek osorik ordaintzen ez duten he­rrietako harpidedunak edo eskualdetik kanpokoak, gezurra badirudi ere, urteko saria ordaintzeko prest daude publizitatea bertzerik ez duen aldizkaria etxean hartzeko. 6.000 harpidedun ergel. Eta horien beharra ere badugu. Inori ez baitzaio Ttipi-Ttapa harrarazten. Izen-abizenak, helbidea eta telefonoa emanez (ordaindu behar dutenek bankuko datuak ere) deitu edo idatzi behar da eta eskatu. Hainbertze publizitaterekin aspertu eta hartu nahi ez duenak erraza du, baja eman eta kitto! Baina denen beharra dugu, bizirauteko eta, gure apaltasunean eta ttikitasunean, ahalik eta aldizkari txukunena eskaintzeko. Eta iruditzen zaigu euskarari mesede egiten diola Ttipi-Ttapak ere. Ezinber­tzekoa ez da inor, baina hainbat etxetan hama­bortzero sartzen den euskarazko idatzi bakarra Ttipi-Ttapa da. Eta horri eutsi nahi diogu, euskararen alde, bai noski, euskararen alde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun