Bortzirietako Guraso Elkarteek pediatraren ordezkapenen arazoa moldatzea eskatuko dute Nafarroako Parlamentuan

Aitor AROTZENA 2010ko mar. 17a, 10:18
Bortzirietan hamabortz urte bitarteko 1.400 haur daude eta bertze pediatra batek, egun erdiz lan egin beharko luke. Aitor AROTZENA

Asteazken arratsaldean bilduko da bortz herrietako ordezkaritza Osasun Batzordearekin

Bortzirietako ikastetxeetako Guraso Elkarteen ordezkaritza Nafarroako Parlamentuan izanen da asteazken arratsaldean, zonaldeko pediatria zerbitzuari buruzko zenbait eskari egiteko Osasun Batzordeari. Eskari nagusia: Lesakako Osasun Etxeko pediatra titularraren ordezkapenetako arazoa lehenbailehen moldatzea, adinaren araberako osasun-laguntza publikoa eta kalitatezkoa bermatuz eta ekitatezko printzipioa errespetatuz.

Bortzirietako ikastetxe guzietako Guraso Elkarteek sinatutako idatzia igorri zitzaion Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeari eta Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariari joan den urteko irailean. Asteazkenean, NABAIko Asun Fernandez Garaialde y Lazkano parlamentariak deituta Parlamentuan izanen da bortz herrietako gurasoen ordezkaritza. Berako Toki Ona Institutuko, Ricardo Baroja Ikastetxe publikoko, Labiaga ikastolako, Jesusen Bihotza ikastetxeko eta Mukixu Haur Eskolako, Lesakako Irain Ikastetxe publikoko eta Tantirumairu ikastolako eta Arantza, Igantzi eta Etxalarko ikastetxeetako Guraso Elkarteek egindako idatziak dioenez, “azken urte hauetan pediatria zerbitzu honek ez du behar den bezala funtzionatzen, zenbaitetan gure umeak pediatrak atenditu beharrean, etxeko medikuak  atenditzen dituelako”. Familia medikuen ezaguera, profesionalitatea eta borondate ona baloratu arren, Guraso Elkarteek uste dute “gure haurrak ez direla bere adinak eskatzen duen bezala atendituak, hau da, bereziki pediatria zerbitzuarekin”. Gurasoek gogoratzen dutenez, pediatrak oporrak hartzen dituelarik, edo etortzen ez den bertze batzuetan, dagokion pediatriako ordezkapena ez zaio jartzen, eta kasu horietan familiko medikuak egiten ditu ordezkapenak. “Etxeko mediku hauek beren eri kopurua haundiegia dutela badakigu –diote gurasoek– eta horrek oraindik kezkagarriago egiten du gure haurrei ematen zaien osasun-laguntza”.

 

1.400 haur Bortzirietan

Guraso Elkarteek jakinarazitakoaren arabera, Bortzirietako 1.400 bat haur dira atentzio urri hau jasotzen dutenak, “eta horrek bizi-tokiaren araberako diskriminazioa suposatzen duela uste dugu”.

Izan ere, ordezkapenena baino sakonagoa da arazoa. Atentzio egokia emateko, Bortzirietan gaur egun dagoen haur kopuru horrekin, bertze pediatra batek lan egin beharko luke, egun erdiz. Eta horrek, neurri batean, ordezkapenen arazoa ere moldatuko luke. Nafarroan, 1.000 haur baino gehiago artatu behar dituzten eremuetan pediatria errefuertzoak paratzea onartua dago, haur kopuruaren arabera. Honela, 1.000 eta 1.100 haur artean daudenean, astean 7 orduko laguntza beharko litzateke. 1.100 eta 1.200 hau bitartean daudenean, 10 ordukoa izanen litzateke errefuertzoa.

Gaur egun, Bortzirietan, 15 urte bitarteko 1.400 haur daude eta horrek, lanaldi erdirako bertze pediatra bat eskatzen du. Baztanen haur kopuru berdintsua dute eta han lortua dute lanaldi erdirako bertze pediatra baten errefuertzoa, Ultzamatik datorren pediatra baten bitartez. Baztanek haur kopuru eta baliabide berdintsuak izanik, Bortzirietan logikoagoa ikusten dute lanaldi erdiko bigarren pediatra bat Elizondorekin banatzea, eta Ultzamakoak hurbilagoko bertze zonalde batzuetan lan egitea.

Arazoa ez da oraingoa, duela urte batzuk ere Bortzirietako Osasun Kontseiluaren eskutik, Parlamentutik pasatu baitzen pediatriaren arazo hau, Lesakako Osasun Zentroaren handitzearekin batera. Orokorrean, pediatra eskasi handia dago Nafarroan eta zenbait herrietan lan hori egiten dutenek ez dute pediatria titulurik eta kanpoko pediatrak kontratatzen hasi dira.

2004 urtean zonaldekako haur kopuruen azterketa egin zen eta, orduan., 1.100 haur inguru zeuden Bortzirietan eta 7 orduko errefortzua seinalatu zitzaion. Orduan, Doneztebeko zonaldeko pediatrak haur guttiago artatu behar zuenez (800) hark egin behar zuen errefortzu hori. Ez zen soluziorik egokiena inondik ere, Bortzirietan aritu behar zuen orduetan Doneztebeko pediatria zerbitzua atenditu gabe geldituko baitzen. Kontuak kontu, sei hilabetez eskaini zen errefortzu zerbitzu hura, 2004ko azarotik 2005eko maiatzera eta azken bortz urte hauetan ez da pedriatria errefuertzorik izan Bortzirietan. Orduan, “pediatrak ezin aurkituz” zebiltzala adierazi zuten Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentutik. Ez zirela aski bilatzen erantzun zioten Bortzirietatik.

 

845 sinadura

Etxalarko Guraso Elkarteak, bere aldetik, eskari beretsuarekin sinadura bilketa egin du eta 845 sinadura lortu ditu Bortzirietan. Angela Irisarri, Etxalarko Landagain Guraso Elkarteko kideak aipatu digunez, “gure eskaria xinplea da, ordezko pediatra eskatzen dugu, titularraren oporrak, bajak edo egun libreak betetzeko. Erraten digute ez dela Bortzirietako arazoa bakarrik, Nafarroa eta estatu osokoa dela. Aurrekontua bada lanpostu horiek betetzeko, baina pediatrak falta direla eta betetzeko postuak alde guzietan daude. Horregatik, betetzen hasten direnean, Iruñaldekoak betetzen dira lehenik eta herri ttikietakoak hutsean gelditzen dira beti. Arazoa ez da oraingoa, baina administrazioak ez dio soluziorik ematen”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun