Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatutako Zuhaitzaren Egunak arrakasta ederra izan zuen martxoaren 7an. Ehun bat lagun hurbildu baitziren Lizuniagara, eguraldi bikaina lagun, Udalak emandako bertako haritzak eta gereziondoak landatzera. Guzira 50 zuhaitz landare baino gehiago. Aurtengoan, berrikuntza gisara, zuhaitzei txartel bana paratu zieten, landatu duenaren izenarekin. Juan Otamendi, Ehiza eta Arrantza Elkarteko presidenteak Udalari eskerrak eman nahi izan dizkio, zuhaitzak eman eta zuloak egiteagatik. Elkarteak, berriz, txistorra eta hirugihar bokadilloak eskaini zizkien auzolanean parte hartu zutenei. 25 urte baino gehiago dira egun hau antolatzen dela eta aurten inoiz baino parte-hartze handiagoa izan da.