Arantzako Goiko karrikan obrak egin dira azken hilabetetan. Berritze lanak ongi gelditu dira, baina herritarrengan sortutako eragozpenak direla-eta, barkamena eskatu du Arantzako Udalak udal informazioa eskaintzen duen martxoko boletinean. Zolaberritzearekin batera, argiteria sartu da eta enpresak izan dituen hainbat arrazoirengatik gehixeago iraun dute lanek. Antolaketa eta organizazio aldetik hobetzeko aunitz gelditu dela iruditzen zaio Udalari eta eskerrak eman dizkie aranztarrei izandako pazientziarengatik.
Herri guztian zentzuz aparkatzeko eskaera ere egin du Arantzako Udalak, “kaleak eta irteerak edo sarbideak moztu gabe, marka horien gainean kotxerik ez utziz eta bertzeentzako pasatzeko tokia utziz”. Herriko ordenantzen arabera, zabor ontzien aitzinean kotxeak aparkatzea debekatua dagoela oroitarazi du Udalak. Segurtasuna mantendu eta etxe eta ostatuak babesteko paratutako piboteek autoak gurutzatzeko lekua guttitzen dute, eta beraz, ez aparkatzeko seinalea dagoen tokian ez autorik uzteko ere eskatu du Arantzako Udalak.
Alkatearen eskuordetza
Iazko urritik urtarrilaren 31 bitarte Ainara Maia alkatearen lan aferak tarteko, Jaime Iturria aritu da alkate lanetan, eskuordetza egitea erabaki baitzen. Gaur egun, lehengo moduan segitzen dute udaletxean eta Ainara Maiak egiten ditu alkateari dagozkion lanak.