Lesakako alkateak karrika izendegiaren aldaketan herritarren partehartzea ukatu duela salatu du Oninek

Aitor AROTZENA 2010eko martxoaren 11

Lesakako karrika izendegian aldaketak onartu ziren azkeneko plenoan. TTIPI TTAPA

Juan Fermin Mitxelenak aipatu duenez, toponimoen alde egin dute eta ez pertsonaien izenen alde

Lesakako karrika izendegia berritzerakoan Juan Fermin Mitxelena alkateak herritarren partehartzea ukatu duela salatu du Onin Udal taldeak, “ez direlako hauen ideiak eta proposamenak kontuan hartu”. Oninen ustez, alkateak berriz ere “agintzea aukeratu du, karriken izendegia bertze udal taldeekin ez ezik, herritarrekin landu beharrean. Ez ditu kontuan hartu ezta dauden akatsak edo proposatu diren izenak”. Oninek, otsailaren 5eko plenoaren ondotik izendegiaren gaia mahai gainean utzi ondotik, herritarren partehartzea bultzatu zuen eta zenbait proposamen bildu ziren. Honela, “Estrata kalea paratu da, bizilagun batek, herrian hain ezagun diren Pepito Yanci edo Santiago Irigoien musikarien izenak paratzea proposatzen bazuen ere”. Ez PNVk, ezta EAk ere ez dutela proposamen horiek kontuan hartu adierazi du Oninek. Alde horretatik, Juan Fermin Mitxelena alkateak aipatu duenez, “toki-izenen alde jo dugu, toponimoen alde, eta ez pertsonaien izenen alde, horietako batzuk denbora gutti dutelako hilik eta ez genuelako horretan sartu nahi”.

Oninen idatziaren arabera, paratu diren karrika-izenen zuzentasuna aztertzeko Euskaltzaindiarekin edo euskara teknikariekin kontsultatzeko bertze bizilagun batek egindako eskaria ere ez du kontuan hartu alkateak.

Herritarrek hartutako lana eta interesa eskertu ondotik, alkatearen eta bere taldearen “arrazoigabekeria” salatu du Oninek, “Udaletxea bere kortijoa bihurtu nahi baitu, solasteko edo partehartzeko aukerak ukatuz”.

Karrika izendegian aldaketarik handienak, Bittiria karrikan daude, Eltzeta Plazatik goiti zenbait karrika berri sortu baitira (Eltzeta kalea, Arratzubi, Matxainbaita, Biurrana…). Bertze zenbait izen berri ere izanen ditu Lesakako karrika izendegiak, bertzeak bertze Askain kalea (lehen Albistur karrikan zeuden babes ofizialeko etxebizitzak), Pikuzelaia, Irain Bidea, Koxkonta Bidea edo arestian aipatutako Estrata kalea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun