Berako Udalak, Berako planeko S2 sektorea garatu nahi du Landazelaia inguruan, suhiltzaile parke ondoan. Altzate karrikarekiko duen hurbiltasuna dela eta aparkalekuak egiteko leku egokia izan daitekeela uste du Herriko Etxeak. Horregatik, jendearen interesa neurtzeko eta aparkaleku kopurua zehazten joateko deia luzatu du Josu Iratzoki alkateak sinatutako bandoaren bidez, interesa duen jendeak izena eman dezan. Beti ere, Udalak garbi utzi nahi izan du izen emateak ez duela inoz behartzen gero plaza erostera.
Aparkalekuak 2,5 x 5 metroko neurrikoak eta lurpekoak izanen lirateke eta 15.000 euro inguruko salneurria izanen lukete.
Interesa duen guztiak izena eman dezake udalean edo 012 telefonora deituta, apirilaren 31 baino lehen.