Zalaingo langileek bertan behera utzi dituzte egunotarako iragarritako mobilizazioak

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 4a, 10:04
Zalain Transformados lantegiko ELA eta LAB sindikatuek hagitz modu positiboan baloratu dute akordioa. TTIPI TTAPA

Zuzendaritzarekin akordio idatzia lortu dute eta ez da kaleratzerik izanen

Zalain Transformados lantegiko langileek bertan behera utzi dituzte martxoaren 4, 16 eta 17rako deituak zituzten geldialdi eta mobilizazio egunak, martxoaren 3an egindako batzarrean hartutako erabakian.

Bi egunez greba egin ondotik, martxoaren 2an, asteartean, Condesa taldeko zuzendaritzako bi kide langileekin bildu ziren Lesakako lantegian. Zehazki, Giza Baliabideen arduraduna eta zuzendari nagusia izan ziren langileekin eta Condesa taldeak Zalain bideragarri egiteko duen konpromisoaren berri eman zuten. Modu berean, kaleratze traumatikorik ez egiteko borondatea azaldu zuten eta, langileak soberan izatekotan, afera aurrejubilazioen bitartez moldatzekoa.

Langileen Batzordeko sindikatuek baikortasunez hartu zuten Condesa taldearen eskaintza, baina lantegian gehiengoa duten ELA eta LABek, launa ordezkarirekin, hitzez adierazitakoa idatziz ere agertzea eskatu zuten. UGT, CCOO eta Confederación de Cuadros ez zeuden baldintza honekin ados, baina langileen batzarrak ere, ELA eta LABen eskariarekin bat egin eta mobilizazioak bertan behera uztekotan, idatzizko agiria eskatu zuten.

Azkenean, enpresako zuzendaritzak eta Langileen Batzordeak idatzia adostu dute. Bertan, ez dela kaleratzerik izanen ageri da eta gerta daitezkeen langileen irteerak, aurrejubilazioen bitartez moldatuko direla. Horretaz gain, gaur egun indarrean dagoen EREaren bidezko banaketa izanen dela eta jarraipen batzordea sortuko dela ere biltzen da agirian.

ELA eta LABek modu hagitz positiboan baloratu dituzte egindako mobilizazioak eta langileen partehartzea eta horiei esker “gaurko egunean, Zalain Transformados lantegiaren araoak moldatzeko bidea jarri dugu” diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun