Funverako greba

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 3a

Jose Mari TELLETXEA - 47 kaleratuetako bat

Egun batetik bestera lanik gabe utzi naute. Hau saihestu nahian eginiko borroka, mobilizazio nahiz greba, ezerezean gelditu dira. 53 egun greban pasatu ondoren ez da ezer lortu, ezertxo ere ez. Inpotentzia eta frustrazioa bes­terik ez zaizkigu gelditu.
Prozesu luze honetan ELAk, Funverako komiteko gehiengoarekin –7 ordezkari ditu LABek 2 besterik ez–, bere burua hedabideetan promozionatu bakarra egin du. ELAren ustetan lortu den emaitza «duinak» 47 langile lanik gabe gelditzea suposatu du. Emaitza hau hasierako helburuekin konparatuz gero, hau da kaleratze bakar bat ere ez egotea, «duintzat» hartzea jendeari burla egitea dela iruditzen zait. Kaleratzeez gain, aipatu diren beste puntuekin ere ez gaude konformatzeko moduan. Errelebu kontratuari dagokionean, konbenioak dioenari jarraituz enpresak duela ia urtebete eginak behar zituen jada; beraz, esan dezakegu hau ere ez dela inolako lorpena. Hitz egin dezagun ere kanporatuak birkoka­tzeko enpresak hartu duen arduraz… Enpresak dio: 2010 eta 2013 urteen artean langile gehiago kontratatzeko beharra egongo balitz espedientea pairatu dutenek izango dutela lehentasuna, kito. Hau ere edonori barregura emateko moduko «lorpena» da.
Bere burua garbitu nahian ELAk behin eta berriro aipatzen du plantilla bera izan dela bozketaren bidez lanera itzultzeko erabakia hartu duena. Bi hitzetan azaldu nahi nizueke nola izan den bozketa hau. Lehenik eta behin erran behar da bozketa egiteko deialdia ELAren eskutik eto­rri zela. Enpresak berehala lanean hasten ez baginen bezero onenetariko bat galtzeko arris­kua zegoenarekin mehatxatu ostean azaldu zuen ELAk bozketa egiteko nahia. Asanbladak zein ELAko afiliatuek ez zutenez diskurtso hau begi onez ikusi atzera egin zuten, baina une labur batez soilik. Barne lanketa egin ostean azkenean bozketa egitea erabaki zuten lanera itzultzeko. Baina bozketaren emaitza ez zen loturapekoa izan  –informazio hau aski isilean gorde dute–. Lanera itzultzea izan bazen ere aukera bozkatuena, ez zuen legeak dioen bozka kopurua lortu (bozkatzeko eskubidea zeukatenaren  erdia gehi bat alegia), beraz, ELAk komitean duen gehiengoa erabiliz greba bertan behera uztea erabaki zuen.
Nik honi kapitulatzea deritzot. 47 lagun kalera eta besteak fabrikara, lanera. Hau da langile bati gerta dakiokeen okerrena, teorian langileak babesteko daudenak langileak saltzea, alegia; hauxe da Funveran gertatu dena, ELAko hauek hitz potoloak eta politak erabili bai hedabideetan baina enpresari aurre egiteko garaia ailegatu denean, besoak jaitsi, burua makurtu eta enpresak diona onartu; betikoa. Orain barruan daramagun mina eta haserrea alde batera utzi eta aurrera egiten saiatu beharko dugu. Enpresan gelditu direnei  animoak bidali nahi dizkiet, batzordean dituzten zuzendaritzarekin beha­rra izango dute eta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun