«Euskarak lehentasunezko gaia izan behar du udalentzat, baita egoera ekonomikoa txarra denean ere»
Onartu dira, azkenik, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen 2010eko plangintza eta aurrekontua. Azaroan hasi eta lau bilera behar izan dira horiek onartzeko. Hori gaitzerdi litzateke azkenean plangintza eta aurrekontu duinak onartu izan balira. Baina ez da hala izan, Batzorde Erabakitzaileko kideen gehiengoa murrizketa handiak egitearen alde agertu baita; hain zuzen, EAJko hiru ordezkariak eta Aralarkoa. Mankomunitatearen iturri nagusia bortz udalek paratzen duten dirua da. Hartu duten erabakiarekin, bortz udalek 2009an paratu zuten kantitatea baino % 35 gutxiago paratuko dute; hau da, iaz baino 100.000 euro inguru gutxiago. Herrietako euskara batzordeetako kideok egiten dugun balorazioa honakoa da:
- Murrizketen arrazoia krisi ekonomikoa omen da. Baina udaletan arlo gutxitan egin dituzte tamaina horretako murrizketak. Udalek euskarak aspaldi bizi duen krisia kontuan hartu beharko lukete.
-Euskarak lehentasunezko gaia izan behar du udalentzat beti, baita egoera ekonomikoa txarra denean ere; zenbait alderdirentzat euskara ez da lehentasuna.
- Lehentasunezko egitasmoak bertan behera uztea proposatu dute (errate batera, Bai Euskarari). Diru laguntzak ere murriztu dituzte: batzuei kantitate txikia kendu zaie (Ttipi-ttapa, Xorroxin eta Bertso Eskola), bertzeei eskatutako guztia (Labiaga Ikastola, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Etxetik Plazara...). Nafarroako Gobernuak kendu dituen laguntzak gutxi balira bezala, orain hemengo erakundeak (guztiak alderdi abertzaleen esku) hasi dira dirua kentzen.
-Eta, azkenik, larriagoa iruditu zaiguna, zenbait udal ordezkariren jarrera. Bileretara aitzinetik erabakitako diru kantitateekin joan dira, eta eztabaida zenbaki hutsetara mugatu dute, mankomunitatearen beharrak aztertu gabe. Bide horretatik segituz gero, mankomunitatearen izaera deuseztatzeko arriskua dago. Izan ere, paratu beharreko dirua aitzinetik udaletan erabakitzen badute, zertarako dago mankomunitatea?
Mankomunitatea tresna eraginkorra eta baliagarria da Bortzirietan euskara normalizatzeko. Etorkizunean ere hala izatea espero dugu; horretan, udalek badute zer errana. Horregatik, euskara batzordeetako kideok hau eskatzen diegu udalei:
- Mankomunitatea Bortzirietan euskararen aldeko lan bat egiteko erakundea da. Horrek alde guztien arteko gutxieneko adostasuna eskatzen du, eta udalek aldeko giro hori lortu behar dute, berehala.
- Euskararen normalizazioan pausoak emateko, baliabideak jarri behar dira. Epe labur batean, gutxienez 2009ko aurrekontuetako kopuruak berreskuratu behar dira.