Berako Mendi Maratoi erdian izena emateko epea martxoaren 1etik aitzinera zabalik dago

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 2a

Lasterketan kasik 10 kilometro igotzen emanen dituzte kirolariek, tartean %45eko malda batekin. TTIPI TTAPA

Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako baliagarria den lehen proba izanen da, apirilaren 11n

Aurten seigarren urtez, apirilaren 11n Mendi Maratoi Erdia eginen da, eta parte hartu nahi duenak martxoaren 1etik 27ra izanen du izen-emateko aukera, www.manttale.com web orrian. Aipatu, joan den urtean bezala, Nafarroako Koparako puntuagarria izanen dela. Joan den urtean egin zen lehen aldiz Nafarroako Mendi Laterketen Kopa eta Manttaleko Iñigo Lasaga izan zen garaile.

450 lasterkaritan ezarri dute parte hartzeko muga, eta izena ematerakoan 20 euro ordaindu beharko dira. Izena ematen dutenentzat poltsa osatua izanen da, Martikoko lotea, produktu energetikoak, Lorpeneko galtzerdiak, Craft markako kamixeta eta gainerako zerbitzu guzietarako eskubidea ematen diona.. Beraz, martxoaren 27a baino lehen muga horretara ailegatzen bada partehartzaile kopurua, hor itxiko da izen-ematea. Ibilbidea aitzineko urteetakoaren berdina izanen da: 2.714,60 metroko desnibela eta 21,150 kilometroko luzera izanen ditu. 9,7 kilometro igoitzen emanen dituzte, %45eko igoera batekin, eta 10,9 jausten.

Joan den urtean 496 korrikalarik hartu zuten parte eta horietatik 449 ailegatu ziren helmugara. Bortz lehenbiziko sailkatuendako sariak igo eginen dira. Honela, gizaseme nahiz emakumezkoen kategorietan irabazten dutenek 300 euroko saria izanen dute, 250 eurokoa bigarrenek eta 200ekoa hirugarrenek. Ibardingo tarteko helmugan (6. Kilometroa) lehenbiziko pasatzen denak 150 euro jasoko ditu eta joan den urtean Didier Zagok ezarri zuen errekorra hobetzen duenak 300 euro.

 

Gaztetxoak ere korrika

Egun berean, gaztetxoek ere izanen dute lasterka ibiltzeko modua, 15-17 urte bitartekoentzat Ibardinera 6,6 kilometroko lasterketa eginen baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun