Testosteronarekin positibo emateagatik bi urterako zigorra paratu zioten Patxi Vilari (Bera, 1975) 2008ko maiatzean. Berak jakin gabe, kutsatutako aminoazido batzuk hartu zituelako izan zen. Denborarekin, ordea, epaitegiak arrazoia eman zion eta hortaz urte erdia laburtu zioten zigorra. Azaroaren 5etik lasterketetan lehiatu dezake, baina zail dago kontua: taldea aurkitu ezinik dabil. 2008tik honat nola sentitu den, zer egin duen eta etorkizunera begira dituen ilusio eta erronkei buruz solastu zaigu Patxi Vila.
«Zanpateko haundia» hartu zuen Patxi Vilak 2008ko maiatzean, testosteronarekin positibo eman zuela erran ziotenean. Bizitzak «inoiz» eman dion «kolperik haundiena» izan zen: «alde batetik, %90arentzat positibo eman duen bertze bat gehiago nintzela banekien eta zergatik izan zen jendeari ez zaio inporta eta hori gogorra da. Eta bertzetik, nire ibilbide guztia jokoan zegoela ikusi nuen».
Aminoazido batzuk hartu eta berak jakin gabe kutsatuta zeudelako eman zuen analisian positibo. Gerora jakin zuen egiaz zer gertatu zitzaion: «nik hartutako aminoazido batzuetan testosteronatik eratorritako zerbaiten trazak zeudela jakin nuen. Nik 4,09ko balorea eman nuen eta muga 4koa da». Aminoazido horiek behin baino gehiagotan hartuak zituela aitortu digu, eta ez zekiela kutsatuak zeudela, «ordura arte ez nuen arazorik eduki». Baina normalean eguerditan hartzen zituen aminoazidoak, egun hartan atzendu eta gauean hartu zituen eta biharamun goizean joan zitzaizkion etxera kontrola egitera: «aminoazidoak eguerdian hartu izatera, ez litzateke deus ere pasatuko eta kontrola egitera beranduago etorri balira ere ez, baina...».
Psikologikoki «bi urte hauetan hamar ute zahartu dela» erran digu. Momentuan onartu ez arren, orain konturatzen da «laguntza psikologiko profesionala» ere ongi etorriko litzaiokeela, «uste dugu gai garela aitzinera ateratzeko, baina laguntzarekin gauzak errazago pasatuko nituen». Inguruan ere «denetariko jendea» somatu duela kontatu digu: «eta jende mordoskak ondotik alde egin du». Bi urte hauek zerbait erakutsi badiote, hauxe izan omen da: «ez dakidala deus inorretaz. Etxekoek eta lagunmin batzuek zer egiten duten badakit, baina hortik aitzinera deus ere ez».
Mantso joan den prozesuak, ordea, arrazoia eman dio azkenean. TAS Kirola Epaitzeko Epaitegiak arrazoia emanda positibo emateagatik bi urteko zigorra zena urte erdia murriztu diote. Hortaz, azaroaren 5az geroztik lehiatzeko moduan dago. Alde horretatik, «ilusioz eta gogoz» dagoela adierazi digu, baina taldea aurkitu ezinik. «Krisia txirrindularitzan ere nabaritzen da, eta gainera horrelako gauza bat gertatzeak badu eragina». Zigorra bete eta epaitegiak arrazoia eman badio ere.
Talde bila ate «aunitz» jo dituela azaldu digu: «batzuek argi erran didate ezetz. Bertze batzuek aitzakia batzuk paratuz ezetz erran didate, eta batzuek atea erdi irekia utzi didate. Ate guztiak ixten ez diren bitartean entrenatzen segituko dut eta espero dut baten bat bilatzea». Zail ikusten du kontua, «kirolaz gain, politika eta interesak» tartean daudelakoan baitago.
Egoerarekin ezin, txirrindularitza betiko uztea ere pentsatu omen du inoiz Vilak, eta «duela ez aunitz», gainera. Amesgaiztoa «oraindik ez dela akautu» dio, baina ez dago geldirik egoteko. Horregatik segitzen du egunero entrenatzen eta triatloietan ere badabil, ederki gainera. Espainiako neguko triatloi txapelketan brontzezko domina lortu du berriki, eta Reinosa Campoo Triatloi Zurian txapeldun izan da. Talderik agertu ezean, udara begira ere, triatloietan parte hartzea du buruan. Gainerakoan, proiektu andana ditu esku artean: Pedalier aldizkaria, txirrindulariak entrenatu... Eta noski, alaba ttikia zaindu.
PSIKOLOGIKOKI GOGORRA
«Inguruan denetariko jendea somatu dut, eta jende mordoskak ondotik alde egin du. Bi urte hauek zerbait erakutsi badidate, hori inorretaz ez dakidala deus izan da. Etxekoek eta lagunmin batzuek zer egiten duten badakit, baina hortik aitzinera deus ere ez».