E-Planetik 300.000 euroko dirulaguntza ailegatuko da aurten

Aitor AROTZENA 2010eko martxoaren 1a

Andra Mari Zahar Etxea moldatzeko 180.000 euro erabiliko dira

Enplegurako eta Toki-Egonkortasunerako Estatu-Funtsaren bar­nean eginen dituen bortz inbertsioak onartu ditu Udalak, PNV eta EAko zinegotzien aldeko botuekin eta Oninen abstentzioarekin. Guzira 300.430 euroko inber­tsioak eginen dira. Handiena, Andra Mari Zahar Etxean moldaketa lanak egiteko erabiliko da, 180.005,55 euro. Futbol-zelaiko aldagela zaharrak egokitzeko 66.999,74 euro erabiliko dira; Sarbide Elektro­nikoari buruzko Legea betetzeko 22.370,68 euro; San Fermin elkartearendako 18.630,59 euro eta Onin errekako bazte­rrean konponketa egiteko 12.423,26 euro.
Oninek zenbait aldaketa proposatu zituen, bertzeak bertze, aldagelen eta sarbide elektronikoaren lanak ez egitea, lehentasunik ez dutelako, eta bere ordez, laguntzaren %20a, 60.000 euro gastu sozialera bideratzea. Honela, Zahar Etxeko gaueko langilearen plaza edo udal langilearena berreskuratzea, baita kultura eta turismo teknikariari laguntza ematea edo musika eskolari dirulaguntza ematea proposatu zuen. Zahar Etxe­ko proiek­tuak etorkizunean egin daitezkeen lanak baldintzatzen dituela uste du Oninek eta gaia Patronatuarekin batera landu beharko litzatekeela. Obrei dagokionez, Oninen arabera, Alondigako teilatua molda­tzeak lehentasun gehiago du.
Juan Fermin Mitxelena alkateak erantzun zuen Zahar Etxean eginen diren lanek ez dutela etorkizuneko garapena baldintzatzen, lur-eremu dotazionala ez delako ukitzen. Patronatuak Zahar Etxearen funtzionamendua ku­dea­tzen duela, baina inbertsioak Udalak egiten dituela gogorarazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun