Berako Salgai-hondarren III. Feria otsailaren 28an ospatuko da

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 25a

Joan den urtean 1.800 lagun sartu ziren feriara. TTIPI TTAPA

Larun Haizpe elkarteak antolatuta, hamabi komertzioetan stockean gelditutako produktuak salgai izanen dira

Aitzineko urteetako arrakasta ikusita, aurten hirugarrenez, salgai-hondarren feria egitea erabaki du Larun-Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak.

Udala, Nafarroako Kutxa eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin hilaren 28an eginen da, igandearekin. 10:00etatik 19:30era herrriko 12 dendarik stockean dituzten artikuluak prezio onean eskainiko dituzte Toki-Ona Kiroldegian. Zehazki, Agara Kirolak, Arturo arropa denda, Igone liburu eta paper denda, Kalotxa opariak eta osagarriak, Mertxe Artieda lentzeria, Zela Kirolak, Martzutzak arropa eta bitxiak, Yoan ileapaindegia, Manolo burdindegia, Duue ilepaindegia eta estetika, Mikkala haur arropa denda eta Edurne arropa denda izanen dira aurten bere salgai-hondarrak paratuko dituztenak.

Aipatzekoa da kiroldegira sartzeko euro bat kobratuko zaiela 18 urtetik goitikoei eta horrela, zenbat jende sartzen den jakiteaz gain, sarrera horrekin, laguntzaile diren ostatuetan tragoxka bat doan hartzeko aukera izanen da. Aipatzekoa da joan den urtean 1.800 lagun sartu zirela eta Larun Haizpe elkartea kontent dago ekimen honek izaten duen arrakastarekin. Izan ere, komertzioek soberan duten stock kentzeko aukera dute kalitatezko produktuak eskainiz bezeroei prezio ezin hobean, egun bat gehiago dute salmentarako eta publiko zabalagoari ailegatzen dira, Beran egun animatua sortzeaz gain. Bezeroek, erran bezala, lehen mailako produktuak dituzte prezio onean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun