Berako Gure Txokoa elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen otsailaren 12an. Deialdiak ez zuen arrakasta handiegirik izan:1.500 bazkide inguru ditu elkarteak eta hamabi bakarrik agertu ziren joan den urteko kontuak, aurtengo aurrekontua eta ekitaldiak eta, batez ere, zuzendaritza batzordea berritzeko baliagarria zen bilerara. Honela, batzordea aldatzeko duela lau urte pasa ziren larrialdiak aurten ere errepikatuko direla susmatzen dute batzordekideek. Orduan ez zen inor aurkeztu batzordea osatzeko azken ordurarte eta elkartea desagertzeko zorian ere izan zen. Horregatik, hauteskundeak egin aitzinetik, hilabete batek epean, estatutuetan batzorde aldaketari dagozkien artikuluak aldatzea erabaki zen batzarrean, “Gure Txokoa hil ez dadin”. Honetarako batzar berezia eginen da martxoan. Modu berean, 1931 urteaz geroztik Gure Txokoan lanean eta laguntzen ari diren guztiei eskerrak eman ondotik, gaur egungo bazkideak hauteskundetarako hautagai aurkeztera animatu nahi dituzte gaur egungo batzordekideek.
Bertze aldetik, 2009an egindako ekintzak ere aipatu ziren batzarrean. Ekitaldiak ez dira aunitz aldatu, baina aipatzekoa izan zen txirrindularitzan Larungo Mendi Bizikleta Igoera sortu zela eta futbolean, benjamin talde berria sortu dela. Gipuzkoako Futbol Federazioarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, argiteri berria ere paratu da Matzadan. Ostatuaren erabilera handitu dela ere aipatu zen, baina halere oraindik urtetan ohiko bihurtu diren arazoak ez dira desagertu, faltak, garbitasuna, berendua… “azken finean, bazkideak ez duela bere etxea bezala erabiltzen” diote batzordetik.
Elkartearen sosak ere ongi mantendu ziren iaz, kontuan hartuta Iamotenean obra egin zela “eta gastu hagitz handia izan den arren, lortu dela dena ordaintzeko dirua”. Zuzendaritza batzordeak kargua utziko duela kontuan hartuz, ez zen aurtengo aurrekonturik aurkeztu, baina gastuak jaustea proposatu zen, “diru sarrerak dexente murriztuko direlako, lau urtetarako sinatutako kontratu pribatuak bukatzen baitira”.