300.000 euroko dirulaguntza jasoko du Lesakako Udalak E-planaren baitan

Aitor AROTZENA 2010eko otsailaren 18a

Andra Mari Zahar Etxean eginen da inbertsiorik handiena, 180.000 euro. TTIPI TTAPA

Bortz inbertsio egitea onartu du Udalak, PNV eta EAren aldeko botuarekin eta Oninen abstentzioarekin

Enplegurako eta Toki-Egonkortasunerako Estatu-Funtsaren barnean eginen dituen bortz inbertsioak onartu ditu Lesakako Udalak, PNV eta EAko zinegotzien aldeko botuekin eta Oninen abstentzioarekin. Guzira 300.430 euroko inbertsioak eginen dira. Handiena, Andra Mari Zahar Etxean moldaketa lanak egiteko erabiliko da, 180.005,55 euro. Futbol-zelaiko aldagela zaharrak egokitzeko 66.999,74 euro erabiliko dira; Sarbide Elektronikoari buruzko Legea betetzeko 22.370,68 euro; San Fermin Jubilatuen Elkartearendako 18.630,59 euro eta Onin errekako bazterrea konponketa egiteko 12.423,26 euro.

Oninek zenbait aldaketa proposatu zituen, bertzeak bertze, aldagelen eta sarbide elektronikoaren lanak ez egitea eta bere ordez, laguntzaren %20a, 60.000 euro gastu sozialera bideratzea. Honela, Zahar Etxeko gaueko langilearen plaza edo udal langilearena berreskuratzea edo musika eskolari dirulaguntza ematea proposatu zuen. Zahar Etxeko proiektuak etorkizunean egin daitezkeen lanak baldintzatzen dituela uste du Oninek eta gaia Patronatuarekin batera landu beharko litzatekeela.

Obrei dagokionez, Oninen arabera, Alondigako teilatua moldatzeak lehentasun gehiago du.

Juan Fermin Mitxelenak erantzun zuen Zahar Etxean eginen diren lanek ez dutela etorkizuneko garapena baldintzatzen, lur-eremu dotazionala ez delako ukitzen. Patronatuak Zahar Etxearen funtzionamendua kudeatzen duela, baina inbertsioak Udalak egiten dituela gogorarazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun