Zakurrak mendian kontrolpean edukitzea eskatu du Berako Udaleko Mendien Batzordeak

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 18a

Berako Udaleko Mendien Batzordeak ez du zakurra beti lotua eramatea eskatzen, kontrolatua baizik. TTIPI TTAPA

Baserrietako aziendei kalte eragiten ahal zaiela gogorarazi du

Berako Udaleko Mendien Batzordeak mendira bere zakurrekin joaten direnei eskatu nahi die zakurra kontrolpean edukitzea, batez ere inguruan aziendarik badago, zakurra jolas moduan saingaka edo aziendari segika hasten bada, animaliak, ardiak batez ere, izitu eta lasterka noraezean hasten direlako. Berako Mendien Batzordeak dioenez, “gure herrian ardiak hil dituzten zakurrak ere suertatu dira”. Batzordeak argitu nahi izan du ez dagoela beti lotua kontu beharrik, kasuan kasu, “nahikoa da denbora guztian bistan edukitzea eta azienda dagoen tokian ondo-ondoan edukitzea”.

Berako Udaleko Mendien Batzordearen idatziaren arabera, “baserri mundua eta euskara izan dira Euskal Herriko kultura eta nortasunaren ezaugarri nagusienak, baserritarra naturarekin batera bizi izan da duela gutti arte. Zorionez edo zoritxarrez egun ia ez da gelditzen hortik bizi den herritarrik eta ohitura zaharren desagertzearekin batera, gure mendiak gero eta utziagoak daude. Hala ere badira oraindik bertze lanarekin batera etxean aziendak dituztenak eta ingurua eta paisaia mantentzen dutenak, nahiz horretan ez duten bidea batere erraz aurkitzen; soldata duina bermatzen duen lana bukatzerakoan, ordu aunitz sartu beharra dute, arratsaldeetan, asteburuetan...  Baserria mantentzeko instituzioen exijentziak gero eta handiagoak dira eta gainera baserriak ez du dirurik ematen”.

“Orain honetara ekartzen gaituena –segitzen du idatziak– bertze arazo bat gehiago da: herritarrok ere mendia maite dugu, eta asteburuetan batez ere jende aunitz “igotzen” gara paseatzera edota ehizara, batzuk bakarrik, bertzeak lagunekin eta bertze batzuk zakurrekin”. Hauei bideratua da Mendien Batzordearen eskaria, helburu honekin: “Igan gaitezen mendira eta herritar guztiak elkar errespetatuz goza dezagun natura”. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun