Inauterietako mozorro lehiaketako sariak banatu ditu Berako Larun Haizpe elkarteak

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 17a

Bigarren eta hirugarren sariak lortu zituzten mozorroak. TTIPI TTAPA

Otsailaren 28an III. Salgai Hondarren Feria antolatu du

Berako Larun Haizpe Merkatari, ostalari eta Zerbitzu enpresen elkarteak, mozorro lehiaketako sariak banatu zituen Inauterietako Astelehenean. Lehenbiziko saria (200 euroko balea Zubiondo jatetxean erabiltzeko) errugbi taldearentzat izan zen; bigarren saria (150 euro Beti-Jai jatetxean erabiltzeko)  argazkian ageri den vikingoen itsasontzirako izan zen; hirugarren saria (100 euro Botxo ostatuan erabiltzeko) oilaskoak ez ezik azeriak ere zituen oilategirako izan zen eta laugarren saria (50 euro Botxo ostatuan erabiltzeko) sidecar eta guzi ibili zen nazi bikitearendako.

 

III. Salgai Hondarren Feria otsailaren 28an

Aitzineko urteetako arrakasta ikusita, aurten hirugarrenez, salgai-hondarren feria egitea erabaki du Berako Larun-Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak.

Berako Udala, Rural Kutxa eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin hilaren 28an eginen da, igandearekin. 10:00etatik 19:30era herrriko 12 dendarik stockean dituzten artikuluak prezio onean eskainiko dituzte Toki-Ona Kiroldegian. Kiroldegira sartzeko euro bat ordaindu beharko da eta horren truke, laguntzaile diren ostatuetan tragoxka doan izanen da. Joan den urtean 1.800 lagun sartu ziren Ferian eta Larun Haizpe elkartea kontent dago orain arte izan duen arrakastarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun