Diska berria karrikaratu du On Benito taldeak, autoekoizpenaren bidez

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 17a

On Benito taldea, kontzertu batean. TTIPI TTAPA

Berako hiru musikarik osatu dute taldea, Joseba Irazokik, Mikel Lertxundik eta Ibai Gogortzak

Berako Joseba Irazoki musikariak eta Borrokan taldeko Mikel Lertxundi bateria jotzailearen On Benito taldeak bigarren diska karrikaratu du, beraien alderik burrunbatsuena eta arriskutsuena erakutsiz.

Berako MIK estudioan grabatu dute eta Maikel izan da grabaketa lanetan. Bertzalde,  eta taldekide berri moduan, Borrokan taldeko bertze partaide bat ere aritu da; Ibai Gogortza. Bera izan da saxo giroak jo dituena eta, bereziki, kantuen nahasketei txinpartak ateratzea lortu duena.

 

Zortzi zartako pozoitsu aurkituko entzuleak diskan, eta lehenbiziko disko hartako rockabilly-blues zikinaren kirrinkak, rock gordin eta esperimentazioaren planetan hegaka sumatuko ditu oraingoan; Captain Beefheart, Tom Waits, Black Keys, Heavy Trash, Shellac, eta Joseba Irazoki bera elkartzen diren galaxian, hain zuzen ere.

Galaxia  horretan, Berako musikari ipurterreak Mikelekin batera bere eboluzioaren kaskorik gorena harrapatu dute, eta, gainera, bizitasunez eta errabiaz kantatu dituzte Joseba Sarrionandia, Dani Irazoki, Beñardo Goietxe, Gotzon Garate eta Mikel Lasaren hitzak.

 

Euskal musikaren artaldean berritasun bila dabiltzanek, On Benito izenekoa ongi zaindu beharreko azienda dela ohartu beharko lukete, eta kasu eman zuzenean ikusiz gero!!

 

Autoekoizpen bezala argitaratu dute eta diska nahi duenak, eskaerak hemen posta elektroniko edo Internet bidez egin ditzake helbide hauetan:

xokoa41@hotmail.com

jonddo27@hotmail.com

www.artoartian.org.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun