Berako Composites Gurea lantegiko zuzendaritzak aurkeztutako lan espedientea onartu egin du Nafarroako Gobernuak. Hirugarren EREa da onartutako hau eta otsailetik urte bukaera arteko 11 hilabetetan erregulazioan egonen dira langileak. 54 langiletik 34ri eraginen die ERE honek.
Grupo Madme taldearen baitan dago Composites Gurea, Legorretako Prodermarekin batera. Talde honek barrenerako nahiz kanporako panelak egiten ditu eta beraz, %100ean eraikuntza sektorearen menpe dago.
Bi lantegietako Langileen Batzordeen (ELA eta LAB) irudiko, ordea, ERErako arrazoirik ez dago. Eraikuntza arloan izan diren oparoaldi urteetan Madme taldeak «irabazi ikaragarriak» izan dituela oroitarazi dute eta akziodunen artean, «hiru milioi euroko dibidenduak banatu dituzte 2004 eta 2008 urteen artean Prodeman, eta bertze horrenbertze Composites Gurean».
Nafarroako Gobernuak enpresari men egin eta “denbora errekorrean” EREa onartu izana salatu dute langileek. Zuzendaritzak, “urtetan negoziazio kolektiboaren bidez lortu ez duen malgutasuna iruzurrezko ERE honekin” lortu nahi duela uste du LABek.
Mobilizazioak
Langileek mobilizazioak iragarri zituzten joan den asteartean Legorretan egindako prentsaurrean. Hala, hiru greba egun egitekoak ziren, baita kontzentrazioak ere Berako lantegiaren eta Iruñeko Lan Departamentuaren aitzinean. Denak bertan behera gelditu dira.