Legorretako Prodema eta Berako Composites Gurea lantegiak bere baitan dituen Grupo Madme taldeko zuzendarizak urtebeterako kontratuen suspentsioa ekarriko lukeen hirugarren EREa aurkeztu du. Talde honek, barnerako nahiz kanporako panelak egiten ditu eta beraz, %100ean eraikuntza sektorearen menpe dago.
Legorreta eta Berako lantegietako Langileen Batzordeek agerraldia egin zuten astearte eguerdian Legorretan, EREa emateko arrazoirik ez dela azaltzeko. Honela, eraikuntza arloan izan diren oparoaldi urteetan Madme taldeak “irabazi ikaragarriak” izan dituela oroitarazi dute eta akziodunen artean, “3 milioi euroko dibidenduak banatu dituzte 2004 eta 2008 urteen artean Prodeman, eta bertze horrenbertze Composites Gurean”.
Langileen ordezkariek, taldeko zuzendaritzarekin negoziazioetan hasi zirenetik Madme taldeko eta lantegi bakoitzaren kontuak eskatu zituzten, finantza egoeraren berri jakiteko, baina ezezko erantzuna jaso dute, “EREa produktiboa delako eta ez dutelako horren obligaziorik”.
Dokumentazio hori gabe langileen ordezkariek ezin dute produkzioak eta fakturazioak, emaitzen kontuan daukaten eragina aztertu, ezta, enpresak zein egoeratan planteatzen duen Enplegu Erregulazio Espedientea.
Greba otsailaren 12, 18 eta 19an eta kontzentrazioak
Langileek taldeko zuzendaritzak egindako mehatxuen berri ere eman zuten, Lan Delegazioak EREa onartuko ez balu, “bere aldetik langileak kaleratuko dituela adieraziz, 12 Prodeman eta 8 Composites Gurean”.
Honela, Legorreta eta Berako lantegietan egin dituzten batzarretan, langileen gehiengoak EREa ez onartzea erabaki du eta mobilizazioak iragarri dituzte. Honela, hiru greba egun izanen dituzte otsailaren 12an, ortziralean, eta otsailaren 18 eta 19an. Egunero kontzentrazioak eginen dituzte lantegi aitzinean 13:30etik 14:30era eta otsailaren 12an kontzentrazioa eginen dute Lan Delegazioaren aitzinean.