Portu eta Sarasola lesakarrak torturatu izana egotzi die fiskalak lau guardia zibili

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 8a

Hainbat mobilizazio egin ziren Lesakan duela bi urte, Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu eta gero. TTIPI TTAPA

Hiruna urteko kartzela eskatu du sarjentu batentzat eta kabo batentzat, eta bina urtekoa beste kabo batentzat eta guardia zibil batentzat

Donostiako Epaitegiko Fiskaltzak Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak torturatu izana egotzi die bi gazteak atxilotu zituzten edo atxiloaldian horien zaintzan aritu ziren lau guardia zibili. BErtze sei guardia zibili atxilotuei «lesioak» eragin izana egotzi die. Portuk eta Sarasolak jasandako torturengatik auzipetuta dauden gainontzeko bost guardia zibilek ez zutela deliturik egin uste du fiskalak, eta horiek ez epaitzeko eskatu du. TAT Torturaren Aurkako Taldearen erranetan -auzian akusazio partikular gisa ari da-, «baikorra» da fiskalak guardia zibil batzuk bederen akusatzea torturatzeaz. Nahiz eta motz gelditu den, aurrerapausotzat dauka, kasu bakanetan ailegatzen direlako auzitegietara tortura salaketak. 

2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituen Guardia Zibilak Portu eta Sarasola, ETAko kide izatea egotzita. Inkomunikazio egoeran izan zituzten atxilotuta, eta egun horietan tortura latzak jasan zituztela salatu zuten biek. Atxiloaldiaren bigarren egunean Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten Portu. Hiru egun eman zituen han, Zainketa Berezietako Unitatean. Hainbat saihets hautsita zeuzkan, horietako batek zuloa egin zion birikan, eta larri egon zen. Gainera, jasotako kolpeen ondorioz, aurpegia eta gorputza handituta eta ubelduraz beteta zeuzkan. 

Zantzu horien berri izatean, Porturen testigantza jaso, eta guardia zibilen aurkako auzia abiatzea erabaki zuen Donostiako instrukzio epaileak. Ikerketek aurrera egin, eta epaiketa egitekotan dira. Torturaren Aurkako Taldeak hamabost guardia zibil epaitzeko eskatua du. Fiskalak hamar kasutan ikusi ditu delitu zantzuak. Fiskalaren kontakizunak ez du bat egiten Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak atxiloketen inguruan zabaldu zituen bertsioekin. Atxiloketak lasaiak izan zirela esan zuen lehenik. Gero, Porturen egoera larriaren berri jakin zenean, atxilotzeko unean ihes egiten saiatu zirela eta guardia zibilek indarra erabili behar izan zutela esan zuen Barne ministroak Portu ospitalera eraman behar izana azaltzeko. Arrasateko lekuko batek, ordea, epaitegira joan, berak gertaera ikusi zuela esan, eta hori gezurra zela deklaratu zuen. 

Fiskalaren txostenak jasotzen duenez, atxilotu eta auto barrenera sartzean hasi ziren kolpeak. Portu zehaztu gabeko leku batera eraman eta ostikadak eta ukabilkadak eman zizkiotela dio. Belaunikarazi zutela, iletik tira egin ziotela eta mehatxatu egin zutela. Gero, ospitalera eraman zutela. Baina ez du zehazten bere ustez zauriak zerk eragin zizkion edo nola hautsi zituen saihetsak. 

Sarasolaren kasua ere antzekoa izan zela dio. Baina malda batean beheiti bota ere egin zutela, buruan pistola paratu ziotela eta Bidasoa ibaira eraman ondotik «Mikel Zabalza bezala» itotzeko mehatxua egin ziotela. 


Lau guardia zibili egotzi die atxilotuak torturatu izana. Sarjentu batentzat eta kabo batentzat hiruna urteko espetxe zigorra eskatu du, eta bi urtekoa beste kabo batentzat eta guardia zibil batentzat. Beste sei akusaturi (bi teniente, hiru kabo eta guardia zibil bat) «lesioak» eragin izana egotzi die. Delitu hori «falta» gisa hartzen dela esan, eta hamar egunez «lokalizatuta» egoteko zigorra emateko eskatu du. Gainontzeko bost guardia zibilen kasuan, ez du deliturik ikusi. 

Orain, TATek aurkeztu behar du behin-behineko txostena, eta akusatuen defentsak ondoren. Txosten guztiak aztertutakoan erabakiko du epaileak zenbat akusatu eramango dituen auzitara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun