Kaldereroek inauteriak iragarriko dituzte larunbat honetan Beran

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 5a

Goitian, 1927ko irudian, kaldereroak elizako eskaileretan. Erdian, 1955ko musikarien artean, Simon Armendariz, Batita Urtxegi, Matias Irazoki, Joxe Arribillaga "Egurri", Migeltxo Martinez, Jose Mari A

Espainiako Gerrak galarazi zuen ohitura 1980an berreskuratu zen Gure Txokoaren bitartez

Iñude eta artzainekin batera, Kaldereroak dira Berako Inauterietako ezaugarri bereziak. Gerra Zibilaren aitzinetik ateratzen ziren Kaldereroak Beran, Totono eta Rosamari Errandonea anai-arrebek kudeatzen duten www.beragureherria.com webgunean ageri den 1927ko argazki batek erakusten duenez, baina gerrak ohitura galarazi zuen. 1955ean berreskuratu zen eta Loli Altzuguren eta Heliodoro Ortega izan ziren ezkongaiak. Cayo Lazkanotegi izan zen zorroztaileetako bat. Garai hartan andregaia karro gainean joaten zen, lejia saltzen zuen Batitaren karroan hain zuzen. baina Franco garaian Kaldereroak atera ziren urte bakarra izan zen. Gaur egun gauez ateratzen da konpartsa, baina lehen eguerdian izaten zen. 1980an, Euskal Jaien mendeurrenaren inguruan egin ziren ospakizunen artean Kaldereroak berreskuratu ziren. Urte hartan Pello Ordoñez eta Garbiñe Agara izan ziren ezkongaiak, Totono eta Rosamari Errandoneak gogorarazi digutenez. Tradizioa berreskuratzeko Joxemari Mehax, Victoriano Berasain, Zelaiako Patxiku, Patxi Retegi eta Genoveva Elgorriagaren aholkularitza izan zen eta geroztik, Gure Txokoa arduratzen da antolaketaz.
Kaldereroek Illekueta auzoan hasten dute ibilbidea eta Herriko Etxeko Plazaraino joaten dira, bidean Zahar Etxea bisitatuz. Errandoneatarrek gogoratzen dutenez, «urteren batean alderantzizko bidea ere egin zen, Altza­ten bukatuz, baina ez zen ongi atera eta bertan behera utzi zen». Herriko Etxeko Plazan kanpamenduko sua piztua izaten da eta ijitoen ezkontza egiten da, ezkongaien odola elkartuz eta kazuela bat airera botaz. Kazuela zenbat puxkatan hausten den, hainbertze zorion urte izanen dituzte ezkonberriek. Ezkontzaren ondotik baratzuri-zopa hartzen dute kaldereroek beraien kutxareekin, zuzenean zartagitik.
Aurten ere ohitura berrituko dute Beran larunbat honetan, otsailaren 6an. 19:00etan abiatuko dira Illekuetatik Herriko Etxeko plazara, tartean, Altzate, Zahar Etxea, Eztegara eta Bidasoa karrika pasatuz. Euria eginen balu, Altzateko frontoian eginen dira ekitaldiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun