'El Último paso' izeneko film dokumental historikoaren, dramatizazioa aste honetan grabatzen ari dira Lesakako Nabaz auzoan. Zenbait irudi Pikabea baserri inguruan hartu dituzte eta ortzegunean, Mairuerregeneko bordan zeuden. Film honetan, Munduko Bigarren Gerra garaian, Frantzia naziek hartua zutenean, erortzen ziren pilotu aliatuei laguntza eskaintzeko sortu zen Comete Sarearen berri ematen da. Sare horrek, aipatutako pilotoak ezkutatu eta gordeka Espainiara eramaten zuen, aniztan Euskal Herritik barna pasatuz. Ihes egindako errepublikarrak eta kontrabandistak aritzen ziren.
Film dokumentalean, sarea osatu zuen jendearen testigantzak biltzen dira elkarrizketa bidez eta orduko irudi eta argazkiak ere erabiltzen dituzte, baina orduko gertakariak azaltzeko dramatizazioak ere egiten dituzte, Lesakan ez ezik, Aiako Harrietan, Hondarribian, Baionan… Horretaz gain, Belgikan, Erresuma Batuan eta bertze hainbat herrialdetan egin dituzte grabazioak.
Enara Goikoetxea zuzendari laguntzaileak aipatu zuenez, “lau urte baino gehiago daramazkigu proiektu honekin eta abudo editatzen hastea eta udarako bukatzea espero dugu”. Hasieran telebistarako egitasmo xume bat zena, handitzen joan da eta zinema pantailetara eramanen dute.
Atzokoan Lesakan, soldadu naziak irudikatzen zituzten aktoreak zeuden, bere kamioi eta sidekar zaharrekin. Begirada zorrotzeko alemaniar itxurako ilehori eta begi urdin baten gibelean, ordea, Getarian sortu eta Zarautzen bizi den Jon Ander Eizagirre zegoen. Berak aipatu zigunez, “antzerki eskolak hartu nituen iaz Donostian eta proiektu honetara animatu nintzen. Aurrera begira aktore lanean segitzea da nere asmoa eta honek lagunduko nau beharbada”.
Horiekin batera, Itziar Lamuedrea aktoreak, Mairuerregenekoborda atarian egurra biltzen zuen beldur aurpegiz eta alde guzietara begira, inguruan zituen 50 lagunen aginduetara: Motorrak, ixiltasuna, klaketa, eta grabatzen! Hamar segundo eskaseko eszenarako behin eta berriz saiatu ziren, xehetasun ttikienak ere ongi atera daitezen.
Ea bada, behin bukatzen dutenean, “El Último paso” filma zinema aretoren batean ikusteko aukera dugun.