Ortziral eta larunbat honetan izanen dira Igantziko inauteriak

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 4a

Igantziko gazteak auzoz auzo ibiliko dira ortziral goizetik hasita. Oskar TXOPERENA

Larunbat arratsaldean haurrak kalejiran ibiliko dira

Ortziral honetan, otsailak 5, hasiko dira inauteriak Igantzin eta biharamunean izanen dute segida. Aitzineko urteetan bezala, ohiko  mozorroak jauntziko dituzte gazteek, eta ortziral goizean hasiko dute etxez-etxe eta baserriz-baserriko ibilbidea, Oihana Mindegia eta Oihana Elizalde Aurtizko trikitilari eta panderojoleekin.
10:00etan elkartuko dira eta Berrizaun auzora joanen dira. Frain auzoa eta bidegurutze aldean dauden etxe berrietara ere orduan eginen dute bisita. Etxez etxe eskean ibili ondotik, herrira itzuli eta Allinean bazkalduko dute.
Arratsaldean, berriz, herri inguruan eta Sarrola auzoan ibiliko dira gazteak eskean. Eta egunari behar bezalako akabera emateko Biltoki elkartean afaria eginen dute.
Larunbatean, 08:00etan elkartu eta Irisarri auzotik hasita, herri bazterreko bertze auzoetan ibiliko dira gazteak egun osoan: Elusta, Unanu eta Piedade auzoetan.
Etxez-etxe eskean dabiltzanean, etxe bakoitzeko boleto bana banatuko dute eta ho­rren zozketa larunbat arratsean eginen da, 20:30 aldera. Bildotsa zozketatuko dute. Afaria, berriz, La Villan eginen dute.
Musikarik ere ez da faltako larunbatean. Eta arratsaldean eta gauean Josetxo musikariak alaituko ditu bazterrak.

Haurrak ere kalejiran
Neska-mutikoek ere izanen dute inauterietan tokia. Hala, larunbatean, 16:00etatik aitzinera herriari buelta emanen diote trikitilarien laguntzarekin, eta ondotik tailerrak izanen dituzte frontoian. Azkenik, berendua eginen dute frontoian, eta eguraldi txarra baldin bada, Baratzondon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun