Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lesakan goizetik aterako dira eta Beran, lehen aldiz, arratsaldez
Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera izanik, Lesakako Tantirumairu ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek ohiko kalejira eginen dute. Ortzegun goizeko 10:30etan abiatuko dira kantuan eta eskean Lehen Hezkuntzako ikasleak ikastolatik eta Lesakako Trikitixa taldearen laguntza izanen dute. Zahar Etxera bixita egin ondotik, plazan bukatuko dute ibilaldia, Kopla zaharrak ez ezik, ikasleek beraiek asmatutako koplak kantatuz. Eskean biltzen den diruarekin Arraultze-Arraultze eguneko berendua ordaintzen dute ikastolan.
Beran lehen aldiz
Berako Labiaga ikastolak ere, aurten lehendabiziko aldiz ospatuko du Santa Ageda eguna. Hori dela eta, arratsaldeko 17:00etan ikastolako ikasleak, irakasleak, gurasoak eta ikasle ohiak baserritarrez jantzita Eztegarako ikastolatik aterako dira, Berako karriketan barna koplak kantatzera. Itzea, Altzate, Legia, Kanttonberri, Iturlandeta eta Eztegaran barna ibiliko dira.
931 euro Haitirako
Lesakako Tantirumairu ikastolako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleen ekimenez egindako diru bilketan 931,05 euro bildu eta Haitira bideratu dira, Gurutze Gorriaren ekimenez. Ikasleei beraiei bururatu zitzaien ideia eta ikasgelaz ikasgalea banatu zituzten paperak, laguntza eskatuz eta bi egunez lortu zuten diru kopuru hori biltzea. Iruñeko Gurutze Gorritik ere deitu dute ikastetxea zorionduz eta eskerrak emanez.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.