Reinosa-Campoo Triatloi Zuria irabazi zuen larunbatean Patxi Vila beratarrak

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 3a

Oinezko lasterketa, bizikleta eta iraupen eskia uztartzen dituen Triatloi Zurian ongi ari da Patxi Vila, Saltoki-Lagunak taldearekin. TTIPI TTAPA

Joan den astean Espainiako txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen

Patxi Vila beratarrak txirrindularitza profesionalean berriz ere hasteko itxaropena du eta maiatza bitarteko epea jarri dio bere buruari, talderen bat topatu eta hori gauzatu ahal izateko. Bitartean ez dago egonean espero eta Triatloi Zurietan (korrika, bizikleta eta eskia) trebatzen da Barañaingo Saltoki Lagunak taldearekin. Ez nolanahi gainera. Larunbat honetan, Reinos-Alto Campoo 24. Triatloi Zuria irabazi zuen, 180 triatleten artean nagusituta.
Lasterka egin behar ziren lehenbiziko bederatzi kilometroetan ongi eutsi zuen Berakoak eta Antonio Blanco liderretik 20 segundura hartu zuen bizikleta. Horixe da, noski, Vilaren indargunea eta 24 kilometroko bizikleta ibilaldian liderra harrapatu eta gainditu egin zuen Berakoak, Alto Campoo igoera gogorra tartean zela. Honela, 5 minutuko abantailarekin ailegatu zen Patxi Vila iraupen eskiko tartera. Hamar kilometro egin behar zituen eta ongi eutsi zion lehen postuari.

 

Brontzezko domina Espainiako txapelketan

Ez da triatloi zurian denboraldi honetan izan duen lorpen bakarra, duela astebete Ansón jokatu zen Espainiako txapelketan brontzezko domina lortu baitzuen. Aitzinera begira, Aretteko Triatloian parte hartzeko asmoa du, beti ere bere prestaketa zaintzeko helburuarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun