Funverako borroka eredugarriak "izan zezakeen bukaerarik onena" izan duela uste du ELAk

Aitor AROTZENA 2010eko otsailaren 4a

ELAk egin duen agerraldian, Funverako langileak ez ezik eskualdeko bertze hainbat lantegietako ordezkariak zeuden. Fermin ETXEKOLONEA

LABek egindako kritikak gezurra direla eta hauen asmoa "langileen iritzia eta botua kontuan hartu gabe grebarekin segitzea" zela dio

ELA sindikatuak erantzun egin die Funverako lantegiko greba bukaeraren harira LABek egindako kritikei eta “borroka eredugarriak, posible zitekeen bukaerarik duinena” izan duela adierazi du.
Otsailaren 2an ELAk Beran duen egoitzan eskainitako prentsaurrean, Felix Espelosin Funverako langileen batzordeko presidentea, Xabier Perez Oarso Bidasoako ELAko arduraduna eta Jose Mari Arribillaga idazkaria izan dira. Beraiekin batera, Funvera, Savera, Arcelor, Zalain Transformados eta bertze lantegietako delegatua
Espelosinek jakinarazi duenez, “grebaren pisu guzia ELA eta bere militanteek hartu dute bere gain. 34 eguneko grebaren ondotik, Nafarroako Gobernuak 55 kaleratutik 47ra jaustea lortu genuen eta bertze 20 eguneko grebarekin, kasik galduak zeuden 4 errelebo-kontratu berreskuratu genituen eta berez kaleratuak 43ra jautsiko dira apirilaren 1ean. Eta 43 horiek ere, hurrengo lau urtetan berriz ere lantegira sartuko dira, beti ere lantegiaren beharraren arabera”. Espelosinen ustez, kaleratze bakar bat galeraztea lortu izan balitz ere borrokak merezi izanen luke eta nahikoa ez dela onartu arren, “berriz ere 43 kaleratuak lanean hasteko akordioa lehenbailehen saiatuko gara, ELArentzat ez da hemen bukatu afera”.
Xabier Perezek erran du “harro” daudela Funveran ELAko langileek egindako borrokaz. “Behin behinekotasuna borrokatzen saiatu dira beti eta bere garaian LABek sinatu ez zuen Finkotasun Akordioa lortu zuten 18 lankiderentzat”. Orain, Lan Departamentu Ebazpen finko baten ondotik ere, “borrokaren bitartez gobernuari eta patronalari hobekuntzak kentzen ahal zaizkiela” adierazi du. Greba ELAren ekimenez hasi zela jakinarazi du Perezek, “eztabaidan eta bozketan oinarrituta, eta modu berean bukatu da, denen artean lortutakoa eta inguruabarrak aztertuta”.
Joxe Mari Arribillagak aipatu duenez, “abenduaren 2tik urtarrilaren 18ra bitarteko greba egunetan LAB desagerturik egon zen, ardurarik hartu gabe eta azkeneko astean bakarrik agertu dira”. Bere erranetan, EREaren negoziaketan ELAk bertze proposamen bat aurkeztu zuen, “kaleratu behar zituzten 55 langile horiek lanean segitzea eta lan suspentsioa luzarogoko izatea, baina hori ez zuen LABek onartu”. Bere agerraldietan, LABek kaleratzeen arduradun nagusi den Nafarroako Gobernua ez duela inoiz aipatu salatu du ELAk.


«LABek ez du egia erraten»

Felix Espelosinek adierazi duenez, LAB gezurretan aritu da bere agerraldietan, “·ez baita egia kaleratutako gehienak LABekoak direnik, ezta ELAk kaleratuek bozkatzea nahi ez zuenik, ezta 47 kaleratzeak onartu duenik, zoritxarrez Nafarroako Lan Delegazioaren erabakia irmoa zelako eta kaleratu hauek ez direlako inoiz negoziazio mahaian egon”.  Modu berean, ELAren ustez ez da egia “irabazteko aukerak zeudenean burua makurtu dugunik, LABek zioen bezala. Errealistak izanik, lortu dena bertzerik ezin zitekeen lortu, hau da 8 kaleratu murriztea, 4 errelebo-kontratuak berreskuratzea eta errekolokazioak idatziz segurtatu”.
Xabier Perezek azpimarratu duenez, “LABek dena langileendako nahi zuen, baina langileen iritzia kontuan hartu gabe, beldurraren eta mehatxuen eraginpean bozkatuko zutela erranez. Nola liteke hain borroka eredugarria egin duten langile berak, gero beldurtiak, irizpide gabekoak eta koldarrak izatea?” ELAren ustez honi ezin zaio demokrazia deitu eta LABeri galdetzen dio, “zein da arerioa?  Zer gerratan sartu da LAB? Noraino ailegatu behar da istorio honetan?”. LABek bere balorazioa egiten ahal duela argi du ELAk, “baina kritika eta errespetu falta, iraina eta manipulazio interesatua bereizten dituen marra gainditu gabe”.
Bi sindikatuek Baztan-Bidasoan elkarlan ederra egin dutela aipatu dute ELAtik eta “guretzat arerioa patronala eta Gobernua da, hori argi dugu, eta elkarren arteko borroka hauetan uzten ditugun indar guziak ahuldu egiten digute”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun