Udalak 2.574.273 euroko aurrekontua izanen du aurten, EA eta PNVren aldeko botuekin eta Oninen kontrakoekin, hasiera batez onartu ondotik. Andra Mari erresidentziak, berriz, 650.000 euroko sarrera-irteerak izanen ditu.
Udal aurrekontua %40,9an jautsi da joan den urtetik, PNVk aipatu duenez «ekonomia-egoera orokorrari eta udalaren oraingo egoera zehatzari buruzko hausnarketa egin ondoren aurrezteko asmo garbiz, oraingoz gastuak guttitzea da balio duen formula bakarra». Alde horretatik, inbertsioen atala izanen da murrizketarik handiena somatuko duena, 297.500 euroko inbertsioak eginen baitira (iaz 1.951.600 eurokoak izan ziren), «ez gaudelako abenturatan sartzeko moduan eta obra garrantzitsuek esperatu beharko dute». Halere, «garrantzitsuak direlako» zenbait kontu-sail handitu ere egin dira, errate baterako, landatzeak egiteko eta mendiak garbitzeko inbertsioetan, 30,000 eurotik 105.000 eurora pasatu baita eta karrikak eta bide publikoak garbitzeko aurrekontua ere 25.000tik 78.000 eurora handitu da.
Oninek kontra bozkatu zuen, “herritarrek udalean dituzten ordezkarien iritzia hartu beharko litzatekeelako kontuan, ez bakarrik bozkatzeko garaian, baita idazteko garaian ere”. Aurrekontuak lehenik batzordetan aurkeztu eta eztabaidatu behar direla uste du Oninek, “denon artean adostasuna lortzen saiatzeko”. Hori dela-eta, “oraingoz bozkatu gabe uztea” eskatu eta bere burua eskaini zuen Oninek bertze aurrrekontu “landuago eta errealagoa” egiteko. Zenbait sailetan aurrekontua murriztu baino lehen bertze irtenbide batzuk bilatzen ahal direla ere aipatu zuen. Honela Espainiako Gobernuko E-Planaren zati bat Andramari zahar etxera bideratzea «arratseko txandako langile bat ez galtzeko» eta bertze zati bat Musika Eskolara bideratzea eskatu zuen Oninek, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza erdira murriztu behar duelako.