Funverako langileek greba bertan behera utzi eta lanean hasi dira

ttipi-ttapa 2010eko otsailaren 1a

Lanera bueltatzearen alde egin dute 70 langilek

Funverako langileek bertan behera utzi dute greba eta lanera itzuli dira. Urtarrilaren 25ean hartu zuten erabakia, lantegi atarian, grebarekin segitu ala enpresak egindako eskaintza onartu erabakitzeko egindako batzarrean. Kaleratutako 47 langileek ere bozketan parte hartzeko eskubidea zuten, 142 langilek guzira. Horietatik 97k eman zuten botoa eta 70 enpresaren eskaintza onartzearen alde agertu ziren, 16 kontra, 10 boto zuri izan ziren eta bakarra baliogabea.

LAB grebaren alde
LABek grebarekin segitzearen alde bozkatzeko eskatu zuen. ELAk egin zuen batzarrerako deia, baina LABek kritikatu egin zuen: «lantegiak ez baitu deus trukean eskaintzen». LABen irudiko, akordioak bi puntu «bakarrik» ditu: «batetik, lau kontratu-errelebo egitea –hitzarmenaren arabera eginak egon beharko lukete–, eta bertzetik, lantegiak ebentualak behar dituenean kaleratuen zerrendatik hartzea hurrengo lau urteetan». Baina LABentzat, «langileak behar dituenean normalena esperientzia dutenak hartzea da». Dabit Iturria LABeko ordezkariaren hitzetan, kaleratutako langileak «alde batera» utzi dira eta bozketa «enpresaren mehatxupean eta beldurrez egin da». «Borroka eredugarriak amaiera negargarria izan du», uste du LABek.
ELA: «langileen erabakia errespetatu»
ELAk, bere aldetik, LABen jarrera kritikatu du: «ez du Funverako langileen erabakia errespetatu nahi». Eta «ezinbertzekotzat» jo du «langileek beraiek modu demokratikoan erabakitzea enpresaren azken eskaintzari buruz».
Felix Espelosin ELAko kidearen ustez, «behin kaleratu eta indemnizazioak ordaindu direla, horri buelta ematea zaila da, baina plantillan gelditzen ginenek greban segitu dugu zerbait gehiago lortzeko. Azkenean, dena gutti da, baina lau errelebo-kontratu lortu dira eta apirilaren 1ean 47 horietatik lau sartuko dira aurrejubilatzen direnak ordezkatzeko eta hurrengo lau urtetan espero dugu kaleratutako langile horietatik sartzen joatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun