«Badakigu inguruko enpresak nola dauden baina jendea espero dugu»

Gurutze PIKABEA 2010ko ots. 4a, 08:39

Juan Mari Lopez sagardogilea Aitor AROTZENA

AURTENGO SAGARDOA «Beharbada alkohol gehiago izanen du eta kolorez argiagoa da. Sagarra Galiziatik ekarri dut eta hangoa beti hemengoa baino bixiagoa eta argiagoa izaten da»

Ilbeltzaren 15ean hasi zen Nafarroako sagardotegi denboraldia, eta Lesakako Linddurrenborda sagardotegia izan zen horretarako aukeratutako tokia. Sagardoa dastatzen lehena, berriz, Sebastian Gonzalez lau t’erdiko txapelduna izan zen. Ez da sagar urtea izan 2009a, baina kanpotik, batez ere Galiziatik, ekarritako sagarrarekin «sagardo goxoa» atera dela adierazi digu Juan Mari Lopez sagardogileak. Krisiak eragina izan dezakeen arren, jendea ibiltzea espero du maiatzera arte iraunen duen denboraldian.

Hamar urte daramatzazu sagardogintzan. Aldatu al da hasi zinenetik?
Ez da asko aldatu. Hasiera hartan ez nuen etxeko sagarrik izaten,  eta baserrietatik ekartzen nuen. Orain, ordea, nirea gehiago dut. Zuhaitzak jartzen ari naiz, landare gazteak badauzkat, eta nire sagarrarekin egindako sagardoa egiteko helburuarekin nabil.
Urte batetik bertzera aldatu egiten da sagardoa, eta nolakoa atera da aurtengoa?
Sagardoa aldatu baino gehiago, sagarrik badagoen ala ez da kontua. Aurten oso sagar gutxi egon da, izan zitekeen urterik txarrenetarikoa izan da. Normalean, sagarrondoak bi urtetik behin ematen du sagarra. Urte batean asko baldin badu, hurrengoan gutxiago. 2008a oso urte ona izan zen, baina 2009a eskasa izan da, ez da sagar urtea izan. Eta hemen ez dagoenean, kanpotik ekarri behar izaten da eta kanpokoa kontrolatzea zailagoa izaten da beti. Kamioian ekartzen dute eta ekarri bitartean ezin da jakin nolako sagarra den. Bertako sagarra baldin bada, gehiago eta hobeki kontrolatzen da. Badakizu, gutxiago edo gehiago, nolakoa aterako den. Kanpokoarekin, aldiz, sagardoa diferenteagoa ateratzen da. Horrez gain, eguraldiak ere badu zerikusia. Batzuetan uda ona egiten du, baina besteetan ez, eta sagarrak eguzkia beharrezkoa du.
Zein ezaugarri ditu aurtengo sagardoak?
Sagardo polita atera da, ona. Beharbada alkohol gehiago izanen du eta kolorez argiagoa da. Sagarra Galiziatik ekarri dut eta hangoa beti hemengoa baino bixiagoa eta argiagoa izaten da.
Zenbat kilo sagar ekarri dituzu kanpotik?
Hemengoarekin %40a osatua nuen, eta kanpotik 15.000 kilo ekarri ditut. Aurtengoan sagardo gutxiago ekoitzi dut, 20.000 litro inguru guztira. Horietatik 9.000 litro etxeko sagarrarekin egin ditut eta gainerakoa kanpokoarekin.
Nolako denboraldia espero duzue?
Ikusiko dugu. Badakigu inguruko enpresak nola dauden, enplegu erregulaziorako espedienteak lantegi askotan daude, kaleratzeak ere egon dira, langabezia altua da... Espero dut jendea ibiliko dela, badut itxaropena, baina dena kate bat da eta gu kate horren bueltan gaude. Lehengo urtean ere krisiaren eragina somatu zen, batez ere martxotik aurrera. Hasieran ez zen nabaritu, baina denboraldi erditik aurrera bai.
Inguruko jendeak ba al du ohiturarik sagardotegietara joateko?
Bai, badu. Normalean hona etortzen dena inguruko jendea da: Baztandik hasi eta hona bitarte. Iparraldeko jendeak ere badu etortzeko ohitura eta Gipuzkoatik ere batzuk etortzen dira.
Jendeak ba al daki benetan sagardoa nolakoa den bereizten?
Gustuaren arabera izaten da. Batzuei bixiagoa gustatzen zaie, besteei motelagoa... Baina bai, jendea probatzen aritzen da eta ondotik beti esaten du zerbait.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun