Bortziriak, Baztan eta Malerrekako Errealzaleak biltzen dituen Genaro Taldea peñaren aurkezpena egin zen urtarrilaren 27an Berako Rikardo Baroja ikastetxeko jangelan. Ttiki gelditu zen aretoa, adin guzietako ehun zale baino gehiago bildu baitziren. Denek izan zuten gozatzeko aukera, ekitaldira, garai bateko eta gaur egungo Errealeko futbol jokalariak joan baitziren. Duela kasik 30 urte bi liga, kopa eta superkopa irabazi zuen taldetik Satrustegi, Gorriz, Periko Alonso edo Iriarte izan ziren bertzeak bertze. Ttikienentzat ezezagunak ziren gehienak, baina adin bateko errealzaleentzat ziragarria izan zen jokalari historiko horiek ikustea. Eta ttikienek gaur egungo jokalariei autografoak eskatzen eta argazkiak ateratzen aritu ziren, Zubikarari, Ansotegi, Zurutuza eta Bergara agertu baitziren.
Omenaldia
Genaro Taldeak omenaldia eskaini nahi izan zion Genaro Zelaieta zenaren alargunari, Maria Luisa Martinez-i eta bi alabei, Amaia eta Iratxeri. Lehenik, Mikel Agarak aurreskua dantzatu zuen. Oroigarria eta lore-xorta jaso zuten ondoren. Errealeko jokalari eta jokalari ohiek ere bere oroigarria jaso zuten. Errealeko zuzendaritza kontseiluak ere oparia eman nahi izan zion Genaro Taldea peña berriari eta Errealeko kamixeta bat ekarri zuen, Genaro Taldea izena zeramana.
Jon Mikel Matxiarena, Genaro Taldeko presidenteak aipatu zuenez, dagoeneko ehun bazkide ditu peñak. Segidan, Genaro Zelaieta eta haren seme Unai ageri zireneko bideo hunkigarria eskaini zuten. Bertze bi errealzalek, Julen Zelaieta eta Egoitz Gorosterrazu bertsolariek bertso bana bota zuten. Beratarrak, taldea ez ezik zaleak ere primerakoak izan behar dutela kantatu zuen berean eta iturendarrak, berriz, Primeran nahiz Preferenten, beti Errealarekin izanen dela.
Ekitaldiaren ondotik, berriz ere autografoak sinatzen aritu ziren jokalariak, argazki artean eta Xuga ostatuan luntxa izan zen.