Funverako borroka eredugarriak amaiera negargarria izan duela uste du LABek

Aitor AROTZENA 2010eko urtarrilaren 27a

LABen erranetan, «egon litekeen kalteordain ttikienarekin 47 langile kalera botatzea» onartu du ELAk. Aitor AROTZENA

Kanporatutako 47 langileak urte bukaerarako enpresara bueltatzeko aukerak zeudenean «ELAk amore eman duela» salatu du

Funveran egindako borroka eredugarriak amaiera negargarria izan duela adierazi du LAB sindikatuak asteazken eguerdian eman duen prentsaurrean. LABen ustez, borroka eredugarria abenduaren 2an greba hasi zenetik urtarrilaren 18ra bitartekoa izan da. Orduan, komiteak eta plantillak ezezko borobila eman ziotem 55 kaleratze eta gainerako langileentzat 116 eguneko erregulazioa planteatzen zuen EREari eta greba orokorrari ekin zioten, aldeko 90 bozekin.
Abenduan Iruñean nahiz Bortzirietan hainbat mobilizazio egin zirela gogoratu dute LABeko ordezkariek, “tartean bi manifestazio jendetsu Beran, itxialdia Berako Kultur Etxean eta hainbat kontzentrazio Iruñeko Lan Departamenduaren aitzinean”. Mobilizazio gehiago izan ez baziren, “enpresari min gehien egiten ziona greba zela argudiatuz ELAk jarritako oztopoengatik” izan zela adierazi du LABeko Dabid Iturriak. Urtarrilaren 5ean Nafarroako Gobernuak EREa onartu zuen 47 kaleratzeekin eta Funverako plantillak greba mugagabearekin segitzea erabaki zuen, “kaleratu oro enpresara itzuli arte”. Dabid Iturriak greba iraun zuen bitartean Bortzirietako hainbat eragilek, eskualdeko hainbat alkatek eta bertze enpresetako komiteek izan duten inplikazioa eskertu zuen.

 

Amaiera negargarria

Baina borroka eredugarri horri azken astean amaiera negargarria eman zaiola uste du LABek. “Enpresa oso urduri zegoen, grebak min handia egiten ari ziolako eta horregatik urgentziazko bilera batera deitu zuen komitea urtarrilaren 18an. Bilera horretan, enpresak hurrengo bi urteetan langileren bat kontratatu behar izanez gero, kaleratutakoen artetik eginen lukeela eta  rebarekin segituz gero enpresaren etorkizuna kolokan jarriko zela adierazi zuen”.
Ordura arte ELA eta LABek izandako adostasuna hautsi zuen honek, LABen hitzetan “ELAk adostasun hori apurtu eta grebaren inguruko bozketa egiteko beharra planteatu zuen urtarrilaren 19an eta gainera, kaleratutako langileei bozkatzeko eskubidea ukatu nahi izan zion, baina LABen oposizioari esker bertan behera utzi zen asmo lotsagarri hori”. LABentzat bozketa egiteak ez zuen zentzurik eta horren ordez, greba mugagabearekin segitu eta Komite bezala mugimendu bat proposatu zion ELAri urtarrilaren 21ean: Kaleratutako langileak abenduaren 31rako lanera itzultzeko proposamena egitea enpresari. Eta horrela egin zen.
Enpresak ez zien langileen azken aldarrikapenei erantzun eta bere aurreko proposamenari eutsi zion, balizko kontratazioen epea bi urtetik lau urtera zabalduz bilera bukaeran. Halere, LABen ustez, “argi zegoen enpresa oso urduri eta ahul zegoela, eta langileak lanera bueltatzeko premia larria zeukala, baina egoera horretaz baliatu eta gun batzuk gehiago eutsi beharrean, ELAk amore eman eta enpresaren eskaintza onartu egon zuen.
LABek dioenez, “ELAk 47 langile kalera botatzea onartu du, egon litekeen kalteordain txikienarekin, 20 egun urteko; horrez gain 4 urtez kontratazioak kaleratutakoen artean egitea onartu du, beti ere enpresaren beharren arabera eta kontratu ebentualekin eta hitzarmenaren arabera eginak beharko luketen 4 errelebo kontratuak ere onartu du”. LABen arabera, grebarekin segituz gero 47 kaleratuak enpresara bueltatzeko helburua lortzeko aukera handiak zeuden urte bukaerarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun